Emakumeak beldurrean hezi gaituzte
Emakundek Kalea nirea da? Boterea, beldurra eta emakume gazteen jabekuntza estrategiak espazio publikoetan ikerketa kaleratu du aurten. Bertan, Hernaniko, Barakaldoko eta Gasteizko 70 neska-mutilek 15 eta 26 urte artekoak parte hartu dute.Ikerketaren a...
Ikerketaren arabera, generoak toki, une eta egoera konkretu batzuetan sentitzen den beldurrean eragin zuzena du. Neskak eremu publikoa arriskutsuagoa lez bizi dute. Mutilek baino modu luzeagoan, iraunkorragoan eta biziagoan sentitzen dute beldurra. Horrek ondorio emozionalak eta zuzenak ditu nesken askatasunean, murrizteaz gain, eremu publikoan egoteko modua baldintzatzen baitu.
Neska-mutilek, biek sentitzen dute beldurra baina kasu bietan, gizonei diete beldurra. Neskek gehiegikeriari, sexu erasoari eta bortxaketari diete beldurra. Adinarekin areagotu egiten da, euren gorputzak eraso sexualen aurrean zaurgarriak direla barneratzen doazen neurrian. Mutilek lapurretari edo eraso fisiko bati diote beldurra, baina adinarekin gutxitu egiten da, fisikoki gizon helduaren itxura eta rol maskulino hegemonikoan sartzen doazen heinean. Gorputzen sexualizazioa une garrantzitsua da beldurraren eraketan, eta baita ere, rolen eta jarreren banaketan: mutilak erasotzaile potentzialak bihurtzen dira eta neskak, aldiz, biktima potentzialak. Emakumeek eremu publikoan sentitzen duten beldurra egiturazko indarkeria sistematikoaren ondorioa izateaz gain, euren zaurgarritasuna gogoratzeko balio du beldurrak. Indarkeria sinbolikoa da.
Neskek beldurraren transmisioa gurasoek esandako gauzen eta jartzen dizkieten mugen bidez jasotzen dute, baina, baita ere, jendartetik datozen mezuetan. Neskei txikitatik erakusten zaie eremu publikoa arriskutsua dela, ez dela eurentzako leku egokia eta kontu handiarekin ibili behar direla. Toki batzuetara ez joateko esaten zaie, bakarrik ez ibiltzeko…baina honekin batera, ez dezatela «probokatu» edo ez daitezela modu jakin batera jantzi. Honen aurrean, deigarria da mutilei ez zaiela neurri horretan mezurik helarazten indarkeria errotik prebenitu ahal izateko.
Aurten, Estatu Espainiarrean 67 emakume hil dituzte. Indarkeria matxistarekin bukatzea denon ardura da. Ondokoak edozein jarrera matxista duenean ez du konplizitaterik izan behar. Bereziki, gizonek zeregin handia dute.
Indarkeria matxista identifikatzeko baliabideak izateaz gain, emakumeon jabekuntza sustatu behar da. Autodefentsa feministaren bidez, norberaren buruarekin segurtasuna hartu eta beldurrari aurre egiten ikasten duzu.