Danok Batek bi txapel lortu ditu Gipuzkoa-Ezker Horma zesta-punta txapelketan
Kadete eta nagusi 2. mailako txapelak jantzi dituzte. Gazte mailan, berriz, bigarren postua lortu dute Manzisidorrek eta Astigarragak. Nagusi 1. mailako txapela Donostiara joan daAsteburuan Gipuzkoa-Ezker Horma txapelketaren finalak jokatu dira Mutriku...
Kadete eta nagusi 2. mailako txapelak jantzi dituzte. Gazte mailan, berriz, bigarren postua lortu dute Manzisidorrek eta Astigarragak. Nagusi 1. mailako txapela Donostiara joan da
Asteburuan Gipuzkoa-Ezker Horma txapelketaren finalak jokatu dira Mutrikuko Miruaitz frontoian. Eta jokoan egon diren lau txapeletatik bi eskuratu dituzte Mutrikuko Danok Bateko puntistek. Hain zuzen ere, kadeteetan eta nagusiak 2.mailan nagusi izan dira mutrikuarrak.Kadete mailan, hain zuzen ere, Danok Bateko Zuhaitz Arrillagak eta Aratz Mendizabal Goxerri-k 30-22 irabazi zioten Donostia Jai-Alai klubeko bikoteari. Bikote mutrikuarra ondo moldatu zen kantxan, eta partida nahikoa erraz menderatu zuten. Etxeko bikotea nahikoa urduri hasi zen, eta, egia esan, hori hasierako tantoetan igarri egin zen. Hasieran lehia nahikoa berdinduta hasi zen, baina mutrikuarrek gero aurrea hartu, eta partida bukaera arte alde horri eustea lortu zuten.
Gazteen mailan, berriz, zumaiarrek 35-23 irabazi zioten Danok Bateko Aitor Manzisidorri eta Xabier Astigarragari. Partida polita jokatu zuten mutrikuarrek, baina zumaiarrak hasieratik aurretik ipini ziren markagailuan, eta mutrikuarrak bi tantora jarri baziren ere, ezin izan zuten irabazi.
Nagusitasun osoz
Bestalde, nagusi 2. mailan Danok Bateko Ekaitz Mendizabal Goxerri-k eta Mikel Manzisidorrek 35-25 irabazi zioten Zumaiako bikoteari; nagusitasun osoz irabazi ere. Goxerri gerriko minarekin ez jokatzekotan egon bazen ere, azkenean, ondo moldatu zen kantxan. Ondo hasi ziren, eta lehen zatian lortutako aldeari eutsi zioten partida osoan.
Nagusi 1. mailan, aldiz, Donostia Jai Alaiko Alberro anaiek irabazi zuten norgehiagoka. 35-25 irabazi zioten Zumaiako Koxme Agirre eta Urangari. Alberrotarrek partida estua eta gogorra jokatu zuten, eta azken momentura arte berdinduta joan zen partida; azken zatian alde egin zuten donostiarrek.