Ehunka herritar kalera atera dira, TMA-ko langile ohiak babesteko
Markina-Xemeingo kaleak bete egin ziren herenegun. Langile ohiek eskertu egin dute jasotako babesa. Gaur epaituko dituzte Rodriguez eta GonzalezLangileen eskubideen aldeko aldarriek hartu zituzten domekan Markina-Xemeingo kaleak. Auzipetuta dauden Tall...
Markina-Xemeingo kaleak bete egin ziren herenegun. Langile ohiek eskertu egin dute jasotako babesa. Gaur epaituko dituzte Rodriguez eta Gonzalez
Langileen eskubideen aldeko aldarriek hartu zituzten domekan Markina-Xemeingo kaleak. Auzipetuta dauden Talleres Mecanicos Arakistain enpresako bi langile ohien, eta, oro har, enpresako langile ohi guztien aldeko manifestazioak 400 herritar inguru bildu zituen.Rodriguezek, Gonzalezek eta TMA-ko gainontzeko langile ohiek azken hilabeteetan jasotako elkartasun keinuak eskertu zituzten, eta 2014an egindako borrokan euren eskubideak defendatu baino besterik ez zutela egin agertu zuten. «Momentu batean ere ez gara bakarrik sentitu. Herritarrak hor egon zarete, guri babesa ematen. Eta asko eskertzen dizuegu», esan zuten TMA-ko langile ohiek manifestazio amaieran. Halaber, udalek, enpresek eta bestelako taldeek azken hilabeteetan emandako atxikipenak ere eskertu nahi izan zituzten.
Auzipetuen berbak
2014an TMA itxi zenean egindako ekintzen harira epaituko dituzte gaur Alexis Rodriguez eta David Gonzalez TMA-ko langile ohiak. «Inoiz ez genuen pentsatuko egoera honetan egongo ginenik. Langileen eskubideen alde borroka egiteagatik epaituko gaituzte. Izan ere, Espainiako legeek ahalbidetzen dute Rafael Zabala TMA-ren jabeak guri soldatak ordaindu ez arren eta kaleratzeagatik kalte ordainik eman ez arren David eta biok auzipetuen aulkian jartzea», esan zuen Rodriguezek manifestazioaren amaieran.
TMA-ko langileekin gertatu dena esaldi batean laburbildu nahi izan zuen auzipetuak: «Langileak kartzelara eta lotsagabeak pasiatzera. Hau ezin da horrela izan!».
Halaber, herritarrei babesa ematen jarraitzeko eskatuz eta auzipetuan aulkian jarrita ere Rafael Zabalari aurre egingo diotela esanaz amaitu zuen Rodriguezek berbetan. Eta horretarako, azken asteetan egin duten atxikimendu kanpainaren leloa erabili zuen: «Barriro be eingo geunke!».