Jendetza elkartu da eguerdian Gernika-Lumoko Juntetxearen barruan zein inguruetan. Gonbidatuekin batera, herritar asko batu da Gernikako Batzar Etxearen kanpoaldean. Denak ere Iñigo Urkullu lehendakaria bertatik bertara ikusteko asmoz.
“Apal-apalik Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, Eusko lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala, zin dagit”, ohitura legez, berba horiekin hartu du Lehendakari kargua Urkulluk. Autonomia Estatuaren Legebiltzarreko alearen eta Bizkaiko Foru Zaharraren gainean egin du zina.
Hain zuzen ere, 2012an egin moduan, oraingo honetan ere, “Jaungoikoaren aurrean apalik” esan ordez “apal-apalik jaungoikoaren eta gizartearen aurrean” adierazpena erabili du. Halaber, gaurko ekitaldian ez du biblia alboan izan, eta zinaren mahaian ez da egon gurutzerik.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea alboan zuela hartu du Urkulluk Lehendakari kargua, eta zina amaitutakoan, Ertzaintzaren bandak Euzko-Abendaren Ereserkia jo du.

Urkulluren emaztea, ama eta seme-alabak ere eguerdiko ekitaldian egon dira.
Hunkituta eta pozik agertu da Lehendakaria. Koroari “leialtasuna” erakutsi, eta Gernikako Autonomia Estatutua eta indarrean dauden gainerako legeak “errespetatuko” dituela adierazi du Juntetxe barruan egindako ekitaldian.
Askotariko ordezkari politikoak
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako kideak, eta udal, aldundi zein batzar nagusietako ordezkari asko batu dira eguerdian Gernika-Lumoko ekitaldian. Eta zelan ez, Urkulluren familiako kide asko ere egon dira.
Horiekin batera, zeuden esaterako, Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordea, Uxue Barkos Nafarroako Erkidegoko lehendakaria, Joan Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea eta Fernando Clavijo Kanarietako presidentea.
Era berean, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Patxi Lopez lehendakariak ere bertan zizan dira. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere Urkullu zoriondu gura izan du.

Ardanza, Garaikoetxea, Urkullu eta Lopez.
Protokolozko ekitaldi eta argazkien ostean, euskal erakundeetako zein alderdietako ordezkariak elkarregaz berba egiten aritu dira Juntetxean.