Artearen eta kulturaren bidez, mundua aldatu daitekeela adierazteko eguna dute Bermeon. Kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekintzak prestatu dituzte gaurko Bermeoko Udalak eta herriko elkarte kultural eta solidarioek.
Eguerdian Kabidxen batu dira umeak, eta MB2000 zerbitzuaren eskutik, eskulanak egiten aritu dira. Horregaz batera, dantzatzeko eta karaokean eztarriak berotzeko aukera ere izan dute.
Halaber,
Ipuin Lapikuek ipuin kontaketa saioa adi-adi jarraitu dute.
Ondoren, 13:00ak inguruan Lameran batu dira bermeotarrak, eta bertako kiosko parean herriko Alkartasuna Dantza taldearen
Dantzaz Blai erromeriaz gozatu dute. Dantza taldeko kideekaz batera, herritar asko ere dantzatzera animatu dira.
Bestalde, sormen tantak banatu dituzte herritarren artean. Azken egunotan bakoitzak gura duen mezuak idatzi edota irurdiak marraztu ditu horietan, eta gaur herritarren artean banatu dituzte sormen tantaz beteriko kapsulatxoak.

Gaurko ekitaldietako dohaintzen, sarreren eta produktuen salmentaren bidez batzen den dirua Bermeoko elkarte eta proiektu solidarioetara bideratuko dute.
Esate baterako, Kabidxen lortu duten dirua Rett sindromea ikertzeko helburua duen Nere Izarra Rett elkartearentzat da, eta erromerian batutakoa, ostera, beharrizanak dituztenei laguntzen dien Kate Sarea elkartearentzat izango da. Halaber, gaurko beste ekitaldietako ekarpenekin umeen estimulazioa eta garapenerako Laztana elkartea diruz lagunduko dute.
Jai giroa egun osoan
Egun osoko egitarau zabala antolatu dute gaurko. Arratsaldean, Txo Sevilla taldekoek dantza erakustaldia egingo dute Lameran (euria izanez gero, Taraskan). Eta iluntzean ere dantzan jarraitzeko aukera egongo da Kafe Antzokian, Dantzatu Gurekin taldekoekin.
Gauerako, berriz, Nuntxaku Kultur elkartekoek kontzertuak prestatu dituzte.
Mean Machine, The Hammer Killers, Puro Odio eta
Cruz de Hierro Sound System taldeen emanaldiez gozatzeko aukera egongo da Kapillan. Kontzertuetarako 5 euroko sarrera ordaindu behar da.
Mundu mailako ekimena
Arte eta kultura lanak hedatzeagaz eta balioan jartzeagaz batera, proiektu solidarioei laguntzea helburu duen jaia da Fair Saturday. Solidarters Fundazioak antolatutako ekimena, mundu mailan antolatzen den mugimendua da; azaroko azken zapatua da ospatzeko eguna.
Hain zuzen ere, sei herrialde desberdinetan, 8.000 artista baino gehiagok parte hartuko dute gaurko antolatu dituzten 370 ekitaldi baino gehiagotan.
Arratsaldeko egitaraua:
- 19:00. Lamerako kioskoan ere, Txo Sevillaren erakustaldiko dantzak.
- 20:00. Bermeoko Kafe Antzokian, Dantzatu Gurekin taldeko kideek dantzaldi gaua antolatu dute.
- 21:30. Kapillen, Mean Machine, The Hammer Killers, Puro Odio eta Cruz de Hierro Sound System taldeen kontzertuak, Nuntxaku kultur elkarteak antolatuta.