Gure Esku Dagok batzar irekia egingo du bihar, Kofradia Zaharrean
Ondarroako Gure Esku Dago herri dinamikak batzar irekia egingo du bihar 11:00etan, Kofradia Zaharrean. 2017ko udaberrian Lea-Artibai eskualdean egingo den herri galdeketari begirako batzarra izango dela jakitera eman dute herri dinamikaren ordezkariek....
Nabarmendu dutenez, orain arte egindako eskualdeko herrietako kideekin batera izandako batzarretan jaso duten informazioa zabalduko diete batzarrera doazenei.
Horrez gain, herri galdeketa bat gauzatzeko dauden arazoak eta eman beharreko pauso guztiak azalduko dituzte. «Herri galdeketa azkeneko puntua da, baina horra ailegatu aurretik eman behar ditugun pauso guztien berri eman, eta informazio hori partekatu nahi dugu herritarrekin».
Hurrengo hilabeteotako bide orria zein izango den azaltzeaz gain, gonbidapen formala luzatuko diete bateko eta besteko zereginetan laguntzeko prest daudenei. «Herri galdeketa antolatzeko laguntza handia behar da, eta gure asmo nagusia taldeak antolatzen hastea da».