Santa Katalina eta san Andres jaiek girotuko dute asteburua
Mundakan, Ereñon eta Gizaburuagan Santa Katalina jaiak ospatuko dituzte; San Andres, ostera, Bermeon, Etxebarrian, Ibarrangelun eta SukarrietanSanta Katalina eta San Andres jaiak ospatzeko prest daude Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herri eta ...
Mundakan, Ereñon eta Gizaburuagan Santa Katalina jaiak ospatuko dituzte; San Andres, ostera, Bermeon, Etxebarrian, Ibarrangelun eta Sukarrietan
Santa Katalina eta San Andres jaiak ospatzeko prest daude Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herri eta auzotan. Hala, astebururako ume zein nagusientzako ekintza ugari prestatu dituzte.Mundakan, Ereñoko Akorda auzoan eta Gizaburuagan ospatuko dute Santa Katalina. Mundakan, gaur, santuaren bezpera egunean hasiko dira ospakizunekin eta zapatura arte egitarau zabala prestatu dute. Akordan, zapatuan eta domekan murgilduko dira Santa Katalina jaietan. Busturialdeko bi herrietan, beste hainbat gauzaren artean, bakailao txapelketak edukiko dituzte zapatuan.
Gizaburuagan, domekarako egitarau osatua prestatu dute Olazar Kultur Elkarteko kideek. Goizetik hasi eta arratsaldera bitartean, betiko ohiturei eutsiko diete. Modu horretan, X. Barraskilo lasterketa egingo dute frontoi inguruetan, eta, eguerdian, herri bazkarian elkartuko dira gizaburutarrak. Lehenengo umeen txanda izango da eta gero nagusiena. Bazkaldu ostean, umeek ludotekan ondo pasatzeko aukera edukiko dute.
Jai nagusia Etxebarrian
Etxebarriakoek herriko jai nagusia dute San Andres, eta egitarau zabala antolatu dute bihar hasi eta eguaztenera bitartean. Kirolak leku handia edukiko du jaietan; pilota eta zesta partidak eta txirrindu martxa egongo baitira.
Jai egunik luzeena eguaztena izango dute, San Andres santuaren eguna. Meza ostean, urtero bezala, umeei zuzendutako tailerrak egongo dira. Rosa Mª Etxabe artistaren eskutik buztina lantzeko aukera edukiko dute ume eta gaztetxoek.
Umeentzako afari-merienda hasi aurretik, bestalde, jaietako kartel lehiaketako sari banaketa ekitaldia a egingo dute. Nagusientzako afaria, berriz, 20:00etan hasiko da.
Ibarrangelun eta Sukarrietan ere San Andres santuaren eguna ospatuko dute eguaztenean. Ibarrangelutarrek, hala ere, datorren zapatura arte luzatuko dituzte ospakizunak. Abenduaren 3an, mus eta briska txapelketak ez dira faltako.
Bermeon ere santuaren izen berbera duen auzoan ospatuko dituzte sanandresak. Zapatuan, liburutegitik abiatuta, korrika lasterketa egingo dute. Domekarako, berriz, auzoko aparkalekutik hasita, erlojupeko igoera antolatu dute, lehenengoz.
Karpa bat jarriko dute auzoan, eta zapatuan zein domekan, karpan bertan umeentzako jarduerak egongo dira, 12:00etan.
Domekan, berriz, bazkari erraldoia egingo dute. Horretan parte hartu gura dutenek zapatura arte eman ahalko dute izena auzorako sarreran dagoen harategian.