Ume eta heldu, pedalkadaka
Umeen eta nagusien BTT martxak egin zituzten zapatuan Busturian. Helduek 23 kilometroko ibilbidea burutu zuten, eta umeek, berriz, Madariaga Dorretxearen inguruan egin zuten zirkuitua.Bizikletak hartu, eta Busturiko Madariaga Dorretxean elkartu ziren z...
Umeen eta nagusien BTT martxak egin zituzten zapatuan Busturian. Helduek 23 kilometroko ibilbidea burutu zuten, eta umeek, berriz, Madariaga Dorretxearen inguruan egin zuten zirkuitua.
Bizikletak hartu, eta Busturiko Madariaga Dorretxean elkartu ziren zapatuan 65 nagusi eta dozena bat ume. 11:00etan hasi zen nagusien BTT martxa, eta ordu bete beranduago igo ziren bizikletetara umeak.Udalerriko eta inguruetako txirrindulariekin batera, Beñat Intxausti eta Pello Bilbao eskualdeko txirrindulari profesionalak eta Peio Ruiz Cabestany profesional ohiak burutu zuten nagusien proba; Ekoetxea Urdaibain hasita, 23 kilometroko ibilbidea egin zuten.
Paresiko bidean dagoen Alarbin baserriraino elkarrekin joan ziren, eta han hasi zuten martxa. Lehenengoek ordu bete pasatxoan egin zuten proba.
Bestalde, dozena bat ume Madariaga Dorretxearen inguruan prestaturiko zirkuituan ibili ziren nekatu arte. Denak ere pozik eta gogotsu aritu ziren pedalei eragiten, eta txikienek gurasoen laguntza izan zuten zirkuituaren zati batzuetan.
Martxa biak amaitzean salda beroa eta txorizoa prestatu zituzten, eta parte hartzaileek dutxatzeko aukera eduki zuten.
Eguraldia lagun izan bazuten ere, aurreko egunetan egindako euriaren ondorioz ibilbideko zenbait zatitan basa topatu zuten. Horregatik, proba amaitzean bizikletak garbitzeko aukera ere eskaini zuten antolatzaileek.
Bestalde, Basati Bike-eko txirrindularitza materiala zozkatu zuten bertaratutakoen artean.
«Balorazio oso ona egin dugu, eta nagusi askok esan digute ibilbide oso polita prestatu genuela», esan du Ismael Bilbao Busturia Txirrindulari Taldeko kideak.
Urtero egiteko asmoa
Busturia Txirrindulari Taldeak, Basati Bike-ek eta Ekoetxea Urdaibaik elkarlanean antolatu dute aurten proba, eta datorren urtean errepikatzeko asmoa dutela jakitera eman dute. «Emaitzagaz oso pozik gaude, eta urtero antolatzea da asmoa. Baliteke beste dataren batean egitea, udaberrian edo udan».