Janari bilketa berezia antolatu du Danonartin elkarteak
Barikuan eta zapatuan egingo dute bilketa, herriko hainbat denden aurrean. Estreinako 'Ikasle bat=esne bat!' kanpaina ere martxan ipini du elkarteakOndarroako Danonartin elkarteko kide eta boluntarioek janari bilketa berezia egingo dute asteburuan, Biz...
Barikuan eta zapatuan egingo dute bilketa, herriko hainbat denden aurrean. Estreinako ‘Ikasle bat=esne bat!’ kanpaina ere martxan ipini du elkarteak
Ondarroako Danonartin elkarteko kide eta boluntarioek janari bilketa berezia egingo dute asteburuan, Bizkaiko janari bankuagaz elkarlean. Hain zuzen ere, Dia, Zaton, Aitor, Txist, Miren Lore eta Arta Bideko Eroskiren aurrean kutxak eta mahaiak ipiniko dituzte, honako ordutegian: barikuan, 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara, eta zapatuan 09:30etik 13:30era.Egitasmoagaz bat egin nahi duten herritarrek nahi duten janaria eramateko aukera izango dute bi egun horietan, baina, batez ere, oinarrizko jakiak olioa, esnea, gailetak, pasta, tomatea, lekaleak… behar dituztela nabarmendu dute elkarteko kideek. «Dena ongietorria izango da».
Kalean ez eze, Ondarroako hiru ikastetxeetako ikasleek ere egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute, eta hala, ikasleek euren ekarpen propioa egin ahalko dute. Ohiko kanpainarekin batera, aurten Ikasle bat = esne bat! kanpaina abian jarri dute, estreinako. «Gure helburua ez da bakarrik jatekoa batzea. Herriko umeak ere kanpainan parte hartzera bultzatu nahi ditugu, eta horretarako, eurek erraz ekarri ahal duten gauza bat ekartzea proposatu diegu. Hori dela eta, herriko ikasleak esne kutxa bat ekartzera animatu ditugu».
Boluntario bila
Elkarteko kideek gaineratu dutenez, bilketa berezia egiteko laguntzaileak behar dituzte. Eta denden aurrean eta kaleetan mahaiak ipintzeko jendearen beharra dutela azpimarratu dute. Lagundu nahi dutenek danonartin@hotmail.com helbide elektronikora idatzi edo 685 76 92 89 telefonora deitu dezakete, noiz lagundu ahalko duten zehaztuz.