Epaitegiak artxibatu egin du iaz Lekeition intoxikatu ziren bikien auzia
Aitak umeak intoxikatu zituenik ezin dela frogatu argudiatuta, epaitegiak auzia artxibatzeko erabakia hartu du. 2015eko ekainean intoxikatu ziren umeak. Umeetako bat hil egin zen2015eko ekainean astaperrexilaz intoxikatu ziren Lekeitioko 13 urteko biki...
Aitak umeak intoxikatu zituenik ezin dela frogatu argudiatuta, epaitegiak auzia artxibatzeko erabakia hartu du. 2015eko ekainean intoxikatu ziren umeak. Umeetako bat hil egin zen
2015eko ekainean astaperrexilaz intoxikatu ziren Lekeitioko 13 urteko bikien auzia artxibatu egin du Gernika-Lumoko epaitegiak. Umeetako bat hil egin zen.Hasiera batean umeen aita susmagarritzat hartu zuten. Orain, baina, aitak umeak intoxikatu zituela ezin dela frogatu argudiatuta, epaitegiak auzia artxibatzeko erabakia hartu du.
Fiskaltza izan da auziko akusazio bakarra. Eta hark ere, «aitak intoxikazioan parte hartu zuela ezin dela frogatu iritzita», ikerketa artxibatzeko eskaera egin du.
Bikien amari dagokionez, sumarioaren autoan azaltzen denez, bere bizilekuan egin zuten miaketan, ordenagailuaren eta telefono mugikorraren ikerketek eta bere ingurukoekin eduki zituen elkarrizketetan «ardura penalik eragin dezakeen esku hartzerik» ez dagoela ondorioztatzen dute. Ikertu zuten familiaren lagunari dagokionez, bestalde, bere parte hartze bakarra adin txikikoari laguntzera joatea izan zela argi uzten du ebazpenak.
Gertaerak
2015eko ekainaren 26a zen bi umeak intoxikatu zirenean. Ertzaintza intoxikazioaren iturria ikertzen hasi zen berehala eta hasiera baten aita atxilotu zuten. Ordu batzuetara, aita, 38 urteko gizonezkoa, aske geratu zen.
Komunikabide ezberdinek jakitera eman zutenez, bi anaiak aldi berean gaixotu ziren ekainaren 26an, Lekeitioko leku ezberdinetan egonda, eta artatu zituzten medikuek uste izan zuten produktu toxikoren bat edo txarto zegoen zerbait jan zutela. Gerora ondorioztatu zuten astaperrexilaz intoxikatu zirela.
Bi anaiak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman zituzten helikopteroz, baina horietako bat uztailaren 1ean hil zen.