Nazioarteko putxera lehiaketa egingo dute Morgan
Zapatuan, azaroaren 19an, Nazioarteko I. Putxera Lehiaketa hartuko du Morgak. Parte hartu gura dutenek 09:00etatik 11:00etara eman beharko dute izena. Pataterrixe elkarteak antolatuta, lehenengoz egingo dute putxera lehiaketa Morgan.
Plater guztiak jendaurrean prestatu beharko dituzte parte hartzaileek, antolatzaileek horretarako prestatutako espazio eta denboran. Sua egiteko, gasa, ikatza zein egurra erabili ahal izango dituzte parte hartzaileek. Antolatzaileek zehaztu dutenez, epaimahaikoek lapiko tradizionalen alde egingo dute, eta indaba gorria edo pikarta erabiltzea eskatuko da. Osagai klasikoak ere onartuko dituzte; txorizoa, odolosta, urdia, txerrikiak, saiheskia edota behi-hegala, esaterako. Horien artean, txorizoa, odolosta eta urdia derrigorrez egon behar dute lapikoan.
Parte hartzaile denen artean, lapikorik gozoenak aukeratuko ditu epaimahaiak, eta sei sari banatuko dituzte. Morgako putxerarik onenak ere saria hartuko du.