Irakasle, guraso, ikasle…guztiek zuten interesa. Koldo Saratxagak gaur egungo hezkuntza sistema alde batera utzita,
beste hezkuntza baten aldeko apustua egiten du. Ikasleak lanerako heztea baino,
pertsonak izateko hezi beharko liratekeela uste du, eta bere iritziak azaltzera hurbildu zen atzo Bermeora. Eleizalde ikastolak antolatutako hitzaldia izan zen atzokoa, eta, Nestor Basterretxea aretoa bete egin zen.
Koldo Saratxaga Eleizalde ikastolako zenbait ordezkarirekin
Notarik gabeko hezkuntza batean sinesten du: “Ikasle eta pertsona bakoitza bakarra da, eta ezin daitezke bata bestearekin alderatu”. Era berean, irakasle bakarra 25 umerekin gela batean egotea “ezinezkoa” dela uste du: “Gurasoek ezin dute bi umerekin, irakasleek 25 umerekin ahalko dute?”. Ezinezkotasun horren baitaren eraginez, hortaz, klaseak “errutina batean” sartzen direla dio: “Urtero gauza berberak ematen dira; egin behar dena eta esan behar dena egituratuta baitago. Hezkuntza sistema, beraz, ez da ikasleari egokitzen,
ikaslea da sistemara egokitu behar dena. Ez litzateke horrela izan beharko“.
Besteren artean,
etxeko lanen aurkakoa ere bada Saratxaga, ikasleek nahikoa dutelako, haren iritziz, eskolan egiten dutenarekin; eurentzako lekua behar dutela aldarrikatzen du. Izan ere,
ikasleak «askatasunerako» hezi behar direla uste du. Bestalde,
“ilusioa eta amets egitea” beharrezkoak direla azaltzen du, baina “ez gaituzte horretarako hezten”.
Hitzaldira bertaratu zirenak, “gustura” entzun zituzten Saratxagaren azalpenak. Ondoren, galderak egiteko aukera ere eduki zuten.