Konbentzionalismotik aldentzeko gonbitea
Arteen arteko muga lausoak ikertzen dituzten poeten lanak hartu, eta erakusketa sortu dute. Bi urtean behin antolatzen du La Unica Puerta a la Izquierda elkarteak. Gernika-Lumoko Kultur Etxera heldu da.Poesian oinarritutako artea, Ex!poesia. Basauri, B...
Arteen arteko muga lausoak ikertzen dituzten poeten lanak hartu, eta erakusketa sortu dute. Bi urtean behin antolatzen du La Unica Puerta a la Izquierda elkarteak. Gernika-Lumoko Kultur Etxera heldu da.
Poesian oinarritutako artea, Ex!poesia. Basauri, Barakaldo eta Portugalete bisitatu ostean, Gernika-Lumora heldu da, berriro, bi urtean behin antolatzen duten erakusketa. Aurtengoan honako izenburuagaz aurkeztu zuten apirilaren 11n: Oso ezagunak ez diren gure poeta bisualen curriculum alderdiak. Cesar Reglero eta Juanje Sanz dira koordinatzaileak. 63 artista eta hainbat espresio bide, erakusketan.La Unica Puerta a la Izquierda elkarte kulturalak koordinatuta, Ex!poesiak arteen arteko muga lausoak ikertzen dituzten poeta eta sortzaileen lana hartu nahi du aintzat; horretarako, arreta berezia jarri du ikusizko eta ikusteko joeretan, joera konkretuetan, objektualetan, soinu bidezkoetan, fonetikoetan, zibernetikoetan, espazialetan eta performatiko edo ekintzazkoetan.
Ikusleengana hurbildu
Horrez gain, balioa eman nahi diote adierazpen poetikoari, bere era guztietan, eta herritarrei sarbidea erraztu konbentzionalak ez diren eta ia bazterrekoak diren adierazpen artistikoetara. Arte joera desberdinen eta ikusleen, arte kontsumitzaileen, arteko topaketa sortzea ere badu helburu egitasmoak.
Era berean, Euskal Herriko errealitate kultural eta artistikoen analisia egin nahi du; diotenez, uste baino aberatsagoa eta konplexuagoa baita errealitate hori. Batzuetan, errealitate horrek baliabide estetikoen dibertsitate eta pluraltasuna erakutsiko digu eta, besteetan, inkontziente kolektiboan dauden emozioak izendatzeko baino ez du balio izango.