Eako I. Mendi Duatloia lehiatuko dute etzi EHko zirkuituaren barruan
Bihar amaituko da aurretik izena emateko epea. 11:00etan hasiko da proba. Lehenengo 6,76 km egingo dituzte korrika, 14,47 km bizikletan eta 1,43 km korrikaEako I. Mendi Duatloia lehiatuko dute domekan. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren azken pr...
Bihar amaituko da aurretik izena emateko epea. 11:00etan hasiko da proba. Lehenengo 6,76 km egingo dituzte korrika, 14,47 km bizikletan eta 1,43 km korrika
Eako I. Mendi Duatloia lehiatuko dute domekan. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren azken probetako bat da, eta partaideek 11:00etan frontoian hasiko dute duatloia. Amaitu ere leku berean egingo dute.Bertan parte hartzeko asmoa dutenentzat bihar 22:00etan itxiko dute izen ematea. 150 parte hartzailetan ipini dute muga, baina bete ezean egunean bertan ere izena eman ahalko da.
www.turesultado.es edo www.mendiduatloia.eus helbideetan izena eman behar da, eta Facebookeko Txipiroi orrialdean ere badago lotura. Aldez aurretik izena emanez gero, 15 euro ordaindu behar dira.
11:00etan hasita, lehen sektorean 6,76 kilometroko ibilbidea egingo dute arineketan, 263 metroko desnibelari aurre eginez. Probaren lehen kilometro horietan Angelutxu auzotik pasatuko dira, eta Lapatzako bidetik bueltatuko dira herrigunera. Ondoren, bizikletak hartu, eta 14,47 kilometrotan (713 metroko desnibel metatua) udalerriko hamai- ka txokotatik pasatuko dira. Talatik gora joanda, besteak beste, Bixerreka, Larra, Apikale eta Bedaronatik igaroko dira. Hirugarren sektorean herrigunetik 1,43 kilometroko (7 metroko desnibela) zirkuitua egingo dute korrika.
Lehenengoek ordu bete eta 40 bat minutuan amaituko dutela uste dute antolatzaileek, eta azken heltzen direnek ordu 2 eta erdian burutzea aurreikusi dute.
Urtzi De La Torre eta Asier Laresgoiti Txipiroi taldeko kideek azaldu dutenez, kilometro gehi- enak kostaldetik egingo dituzte. «Adibidez, Lapatza gaineko buelta korrika egingo dute, eta bizikletan Ogellaraino helduko dira, eta bizikleta soinean hartu beharko dute tarte batean. Bestalde, Txipiroi probagaz alderatuta, herritik gehiago pasatzen da, eta, beraz, eatarrek proba gehiago jarraitzeko aukera izango dute. Herriari bizitasun apur bat eman nahi izan diogu».
Kostako herri bakarra
Hain zuzen ere, herrigunean giro berezia sortzeko, besteak beste, sagardo kupel bat jarri, eta taloak prestatzen ariko dira. Gainera, domekarako beren beregi prestaturiko dantza bat ikusteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, eta bertsolariak ere egongo dira.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua irailean hasi zuten, eta hilabeteon amaituko dute. Hamabi probak osatzen dute zirkuitua (hilabetean launa), eta horietatik Eakoa da kostaldeko herri batean egiten den bakarra.
Eako mendi duatloiaren ostean, Biriatun egingo dute azken aurreko proba hilaren 20an, eta azkena, berriz, Zegaman izango da, hileko azken zapatuan.
Txipiroi taldeko kideek iaz zirkuitua ezagutu, eta hango filosofiagaz eta giroagaz bat egiten zutela ikusita animatu ziren bertan parte hartzera: «Euskal Herri mailan egiteak erakarri zigun nolabait. Esaterako, Biriatuko proban hango eskolarentzat izango da bilduko duten dirua. Bestalde, Eako bazterrak ezagutzera emateko aukera ederra dela uste dugu».
Sailkapen orokor bat egon arren, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko probak independenteak dira, eta, beraz, ez dira zertan denak egin behar. «Batez beste 80 parte hartzaile inguru egoten dira, eta zirkuitu orokorra 30 bat pertsonak egiten dute. Hala ere, helburu moduan kopuru hori gainditzea espero dugu, eta horregatik jarri dugu 150 partaideko muga», azaldu du De La Torrek.
Beste alde batetik, Txipiroi taldeko kideek udalaren, babesleen zein herritarren laguntza nabarmendu eta eskertu dute. Izan ere, domekan bertan 30-40 pertsona ibiliko dira beharrean. «Alde horretatik zortea daukagu; jendea beti dago laguntzeko prest», zehaztu du Laresgoitik.