Bermeoko sarrera oinezkoentzat egokitu dute
Bermeo eta Mundaka lotzen dituen BI-2235 errepideko oinezkoentzako bidea egokitzeko lanak amaitu dituzte. Bermeoko sarrerako biribilgunetik antzinako gasolindegira doan tartea egitea falta zen, baina Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko lanak amaitu ditu....
Bermeoko Lurgintza Saileko zinegotzi Amaia Elorzak adierazi duenez, nahiz eta nahikoa denbora itxaron behar izan duten, azkenean, bide hori oinezkoentzat egokitzea lortu dute. «Herritarrek, orain, bertatik paseatzeko aukera dute», zehaztu du.
Elorzak jakinarazi duenez, «saihesbidearen proiektuaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zituen saihesbideak Bermeogaz izango zituen loturak aurreikusi. Udalak, hala ere, bide hori aldarrikatu du, eta negoziazioak egin ondoren, oinezkoentzako bidea egokitzea lortu dugu!
Biribilguneen mantenua
Beste alde batetik, herrirako bi sarreretan dauden biribilguneetan mantenu lanak egitea beharrezkoa dela iritzita, Bermeoko Udalak mantenu lan horiek egiteko eskaera egin dio foru aldundiari, horiek baitute biribilgune horien ardura.
Zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldutakoaren arabera, «euria egiten duenean ura gelditzen da biribilguneetan, batez ere, Solluberako bidean dagoenean. Horrez gain, bietako berdeguneen egoera ez da aproposa. Landareak falta zaizkie, eta garbitasuna ez da behar den modukoa».