Tetxu Meabe Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute astelehenean
'Kabi'-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia antolatzea leporatzen diote. Meaberi babesa adierazteko, elkarretaratzea egongo da zapatuan, 19:00etan, Lekeitioko EskolapeanTetxu Meabe Derteano lekeitiarra Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute astele...
‘Kabi’-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia antolatzea leporatzen diote. Meaberi babesa adierazteko, elkarretaratzea egongo da zapatuan, 19:00etan, Lekeitioko Eskolapean
Tetxu Meabe Derteano lekeitiarra Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute astelehenean, Jabi Goitia Kabi-ren heriotzaren urtemuga ekitaldia anto- latzea leporatuta. Epaiketa hori ere jazarpen politikaren beste kapitulu bat dela salatu du lekeitiarrak.Meabek azaldu duenez, 2015eko urriaren 25ean Kabiren urteurreneko plaka eraman zuen Ertzaintzak, Barandiaran aretoaren ondoan dagoen haren omenezko monolitotik, eta bertan bere hatz markak agertzen omen zirela jakinarazi zioten. Hori dela eta, epaitegira joateko deitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta ekainaren 8an, Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu zuen bideokonferentzia bidez.
Deklarazioa eginda, fiskalak eskaerarik egingo duen edo kasua artxibatu edo bertan behera geratuko zen jakiteko zain egon da Meabe, eta azkenean ekitaldia antolatu eta «terrorismoari gorazarre» egitea egotzi diote. «Ez nintzen ekitaldian egon, eta ez ninduen inork identifikatu», azaldu du Meabek. Baina, kasu horretan ere, «Euskal Herrian ireki den garai berrian konponbidearen alde urratsak ematearen bideari barik konfliktuari eutsi nahi diotenen jarrera» garbi ikusten dela esan du, eta «Espainiako Gobernua eta haren mende jarraitu nahi duen Ertzaintzaren zati bat» aitatu ditu.
Estatu demokratiko batean, gainera, oroimen ekitaldiak egitea, berez, ez dela delitua izan behar adierazi du. «Oroimena ez da delitua. Egi ezberdinak mahaiaren gainean jarri behar dira, eta kontuan eduki behar da sufrimendua alde guztietatik egon dela. Gatazka politikoan hildako guztien senide, lagun zein kideen oroimena errespetuz hartu beharreko ariketa da. Herri horrek etorkizuneko bizikidetza nahi badu eraiki, memoria inklusibo baten inguruan egin beharko du, bakoitzaren bizipenak, bakoitzaren egia eta bakoitzaren oroimena errespetatuz».
18 hilabeteko espetxe zigorra, isuna eta administrazio publikoan lan egiteko 10 urteko gaitasungabetzea eskatzen dizkio epaileak Tetxu Meabe Derteanori. Horren aurrean, lekeitiarrari babes eta elkartasun osoa adierazi eta oroimena ez dela delitua aldarrikatzeko, elkarretaratzea egingo da etzi, 19:00etan hasita, Lekeitioko Eskolapean.
Horrez gain, epaitegiraino ere eraman nahi dute elkartasuna lekeitiarrek. Hori dela eta, astelehenean, 04:00etan, autobusa egongo da Madrilera joateko, eta nahi dutenek, oraindik izena emateko aukera zabalik daukate Galarrenan.
Atzerapausoa
Tetxu Meabe Derteano Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan beharra salatu du Lekeitioko EH Bilduk. Lekeitiarrari leporatutakoa atzerapauso galanta dela diote, bakearen alde egin baino minaren gurpilean sakontzea dela. «Badira bost urte ETAk bere jarduera armatua utzi zuena. Estatuaren aparatuko Auzitegi Nazioanalak, ostera, berean jarraitzen du. Euskal gizartearen aurrean, gero eta agerikoago egiten da auzitegi berezi horren zentzun eza. Iragan ilunari jagokon auzitegia da».
Epaiketa politiko guztiek iragana izan behar direla diote. «Militante politiko guztiak kalean behar ditugu, ekarpen politikoak egin ahal izan ditzaten askatasun eta duintasun osoz».
Euskal Gizarteak bakerako urratsak emateko asmoa erakutsi du Lekeitioko EH Bilduren ustez, eta Espainiako estatuak jarritako oztopoak gorabehera, Euskal Gizartea gatazka politikoak sortutako ondorioak gainditzeko bidean dago».