Ondare Batzordeko kideak herriko argazki zaharrak batzen ari dira
Herritarrek ondarea@munitibar.org helbide elektronikora bidali behar dituzte argazki zaharren kopiak. Herriko historia aztertu eta batzea da Ondare Batzordearen helburu nagusiaMunitibarko Ondare Batzordea udalerriko argazki zaharrak batzen ari da. Izan...
Herritarrek ondarea@munitibar.org helbide elektronikora bidali behar dituzte argazki zaharren kopiak. Herriko historia aztertu eta batzea da Ondare Batzordearen helburu nagusia
Munitibarko Ondare Batzordea udalerriko argazki zaharrak batzen ari da. Izan ere, argazki zaharren bilduma osatu nahi dute, gerora argitaratzeko asmoagaz. Horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa dela deritzote, eta argazki zaharren kopiak jasotzen dabiltza.Argazkien kopiak hurrengo helbide elektronikora bidali daitezke: ondarea@munitibar.org. Eta nahi izanez gero, batzordeko kideei zuzenean emateko aukera ere badago.
Udaberrian egin zuten lehen deialdia, eta udazkenean berriro zabaldu dute oharra. Orain arte argazki gutxi jaso dituztela azaldu dute, eta herritarrak argazkiak partekatzera animatu dituzte, ondorengoek iragana ezagutu dezaten.
Ondare Batzordeko kideek azaldu dutenez, jaso dituzten argazkien artean era askotakoak daude. Besteak beste, jendearen, elizaren, gaur egun frontoia dagoen lekuan zegoen jauregiaren, jaunartze baten edo Gerrikaitzeko paisaiaren argazkiak dituzte. Halaber, 80ko eta 90eko hamarkadetako argazki batzuk ere bidali dituzte herritarrek. «Esate baterako, inauterietako argazkiak ditugu. Izan ere, ez dute zertan aspaldiko argazkiak izan behar, orain dela 20 edo 30 urteko argazkiek ere balio dute», zehaztu dute.
Gabonetatik martxan
Munitibarko eta Gerrikaitzeko historia eta ondarea aztertu eta batzeko asmoz, 2015eko Gabonetan elkartu zen lehenengoz Ondare Batzordea. Bertako kideen berbetan, herrian dituzten altxorrak batzuk ezkutukoak eta beste batzuk ezagunak herritarren «eskura» jartzea izan zen batzordea sortzeko helburu nagusia.
Edozein zalantza argitu edota informazio gehiago jaso nahi izanez gero, herritarrek telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 679 72 98 70.