Batetik, herrian
gazteen partaidetza sustatzeko,
gazteak batzeko eta
informazioa eskuratzeko aukerak sortzeko; eta, bestetik,
hezkuntza, kultura eta gizarte ekimenak martxan jartzen laguntzeko, Sukarrietako Udalak gazteentzako lokal bat atonduko du: Gaztelokala. Ander Deuna enparantzako 6. zenbakian kokatuko dutela azaldu dute udaletik, udaletxe aurreko plazan, hain zuzen ere.
Mediku kontsultategiaren ondoko lokalean kokatuko dute
Sukarrietako alkate Erruki Goirienak azaldu duenez, “gune zabal baten pentsatu dugu, gure gazteek eurei zuzendutako ekintzak, mugikortasuna edota hezkuntzako gaiak kontsultatzeko errenferentzia puntu bat izan dezaten. Gazteen aisialdiko jarduerak garatzeko gunea izango da, baina, era berean, euren ekimenetarako informazioa, laguntza edo babesa izango dute. Gainera, hemendik aurrera gure herrian eskualde mailako ekimenak planteatu ahal izango ditugu, gure gazteen partaidetza sustatzeko, bai herrian, bai eta eskualdean ere”.
Gogorarazi dutenez, Sukarrietako Udala Urremendik kudeatutako eskualdeko Gazte Zerbitzuaren kide da, eta herriko gazteen garapen pertsonalerako eta sozialerako aukerak eskaintzearen alde egiten dutela diote. Zentzu honetan, orain lau urte, Busturialdean gazteei zuzendutako enplegua, heziketa eta aisialdiko ekintzak garatzeko Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetza hitzarmena sinatu zela aipatu dute.
Gaztelokala atontzeko lanak egiteko
aurrekontua 30.871 eurokoa da. Udaletik zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirolak zuzendaritzaren diru laguntza eskatu dute.