Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren azken probetako bat da, eta partaideek
11:00etan frontoian hasiko dute duatloia (amaitu ere leku berean egingo dute).
Bertan parte hartzeko asmoa dutenentzat
zapatuan (22:00etan) itxiko dute
izen ematea. 150 parte hartzailetan ipini dute
muga, baina, bete ezean egunean bertan ere izena eman ahalko da.
www.turesultado.es edo www.mendiduatloia.eus helbideetan izena eman behar da, eta era berean,
facebookeko Txipiroi orrialdean ere badago lotura. Aldez aurretik izena emanez gero, 15 euro ordaindu behar dira.
11:00etan hasita, lehenengo sektorean
6,76 kilometroko ibilbidea egingo dute
arineketan, 263 metroko desnibelari aurre eginez. Probaren lehen kilometro horietan, Angelutxu auzotik pasatuko dira, eta lapatzako bidetik bueltatuko dira herrigunera.
Ondoren,
bizikletak hartu, eta 14,47 kilometrotan (713 metroko desnibel metatuagaz) udalerriko hamaika txokotatik pasatuko dira. Talatik gora joanda, besteak beste, Bixerreka, Larra, Apikale eta Bedaronatik igaroko dituzte.
Hirugarren sektorean
herrigunetik 1,43 kilometroko (7 metroko desnibelagaz) zirkuitua burutuko dute korrika.
Lehenengoek ordu bete eta 40 bat minututan amaituko dutela uste dute antolatzaileek, eta azken heltzen direnek ordu bi eta erdian burutzea aurreikusi dute.
Urtzi De La Torre eta Asier Laresgoiti Txipiroi taldeko kideek azaldu dutenez, kilometro gehienak kostaldetik egingo dituzte. “Adibidez Lapatza gaineko buelta korrika egingo dute, eta bizikletan Ogellararte helduko dira, eta bizikleta soinean hartu beharko dute tarte batean. Bestalde, Txipiroi probagaz konparatuta, herritik gehiago pasatzen da, eta beraz, eatarrek proba gehiago jarraitzeko aukera izango dute. Horrela, herriari bizitasun apur bat eman nahi izan diogu”.
Hain zuzen ere, herrigunean giro berezia sortzeko, besteak beste, sagardo kupel bat jarri, eta taloak prestatzen ariko dira. Gainera, domekarako beren beregi prestaturiko dantza bat ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta bertsolariak ere egongo dira.
Kostako herri bakarra
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua irailean hasi zuten, eta
hilabete honetan amaituko dute. Guztira
hamabi probak osatzen dute zirkuitua (hilabetean launa), eta horietatik Eakoa da kostaldeko herri batean egiten den bakarra.
Eako mendi duatloiaren ostean,
hilaren 20an Biriatun egingo dute azken aurreko proba, eta
azkena, berriz,
Zegaman izango da,
hilaren azken zapatuan.
Txipiroi taldeko kideek iaz zirkuitua ezagutu, eta hango filosofiagaz eta giroagaz bat egiten zutela ikusita animatu ziren bertan parte hartzera: “Euskal Herri mailan egiteak erakarri zigun nolabait. Esaterako, Biriatuko proban hango eskolarentzat izango da bilduko duten dirua. Bestalde, Eako bazterrak etzagutzera emateko aukera ederra dela uste dugu”.
Sailkapen orokor bat egon arren, Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituko probak independienteak dira, eta beraz, ez dira zertan denak egin behar. “Batez beste 80 parte hartzaile inguru egoten dira, eta zirkuitu orokorra 30 bat pertsonak egiten dute. Hala ere, helburu moduan kopuru hori gainditzea espero dugu, eta horregatik jarri dugu 150 partaideko muga”, azaldu du De La Torrek.
Bestalde, Txipiroi taldeko kideek udalaren, babesleen zein herritarren laguntza nabarmendu eta eskertu dute. Izan ere, domekan bertan 30-40 pertsona ibiliko dira beharrean. “Alde horretatik zortea daukagu; jendea beti dago laguntzeko prest”, zehaztu du Laresgoitik.