Aurten ere Euskera Olgetan Errotuz jarduerak antolatu dituzte
Familia arloan euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin, urtero bezala azaroko domeketan haur eta gurasoentzako ekintzak antolatu dituzte. Hiru eta sei urteko umeei eta hauen gurasoei zuzendutako ekintzak Jai Alai pilotalekuan egingo dituzte.
Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak eta Urdaibai Rugby Eskolak elkarrekin antolatutako programa ludiko honen bitartez, esparru ez formalean euskararen erabilpena sustatzeko baldintzak finkatu nahi dituzte, guraso eta haurren arteko harremanak sendotuz.
Hiru saio egingo dituzte, azaroko domeketan. Lehiaketa forma izango ekintza ez konpetitiboetan, guraso eta haurrek froga batzuk gainditu beharko dituzte elkarrekin: euskal jokoak, bertsoak, abestiak, galderak eta bestelako frogak.
Udalak diru partida bat bideratu du euskararen arloan Euskera Olgetan Errotu egitasmoa burutzeko, aurten aurrekontua 7.401 eurokoa izango dute.
Azaroaren 13an baserriaren eguna egingo dute; azaroaren 20an herriaren eguna, eta azaroaren 27an jai erraldoia egingo dute Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian. Ekintzak, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian izango dira 17:00etatik 20:00etara.
Ekintzak Urdaibai Rugby Eskolakoen ardurapean antolatzen dira, Gernika-Lumoko Udalaren Euskara Arloaren finantzaketa eta lankidetzarekin. Urtero egiten den ekintza honetan parte hartzera deitu diete, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako umeak dituzten herriko 600 bat familiei.
Gonbidapena gutun bidez bidaliko da, parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izateko. Urtero 200 bat ume eta gurasok parte hartzen dute.