Foruko Udalak Gaitoka auzoko argiteria berritzeari ekingo dio
Herriko Landa Inguruen argitasuna berritzeko planagaz aurrera jarraitzen du Foruko Udalak. Modu horretan, oraingoan, Gaitoka auzoko argiteria hobetzeari ekingo dio, «herritarrei zerbitzu gehiago eta hobeagoak eskaintzeko konpromisoagoaz eta segurtasun...
Udalak jakinarazi duenez, guztira, LED teknologiako 41 kale argi jarriko dituzte Gaitoka auzoan.
Lan horien bitartez, herrian eraginkortasun energetikoa lortu gura dute, eta igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu gura dituzte. Era berean, elektrizitate fakturak aurrezten lagunduko duela diote.
Foruko alkate Jane Eyre Urkietak azaldutakoaren arabera, herriko bizi kalitatea hobetzeko eta auzoen arteko desorekak ez egotearen aldeko lana egiten dute udalean. «Horregatik, iriste erraztasuna hobetzeko lan egiten dugu, bai eta argiztapena moduko funtsezko zerbitzuak izateko ere. Argia ezinbestekoa da, eta gure auzoek, erdialdekoak zein urrunago daudenek, argiztapen egokia izateko eskubidea daukate. Era berean, herrian ekipamendu sozio-kulturalak edukitzeko eta herrian bertan aisialdia sustatzeko lanean ere bagabiltza».
45 egunetan
Argibide enpresak egingo ditu lanak, 97.876,80 eurogatik. Inbertsio horri aurre egin ahal izateko, udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso duela esan du alkateak, Agenda 21en baitakoa. Lanak amaitzeko aurreikusitako epea 45 egunekoa da.
Atxondoa, San Kristobal, Amotxerri eta Urberuaga auzoetako argiteria hobetzeko lanak ere egin ditu udalak.