EHUko errektoretzarako hautagaitzan daude bi eskualdeetako herritarrak
Nekane Balluerka errektoretzarako hautagaiak aurkeztu duen taldean daude Patxi Juaristi Larrinaga, Agustin Erkizia Olaizola, Jon Zarate Sesma eta Inmaculada Gerrikagoitia MarinaAzaroaren 24an EHUko errektorea hautatzeko egingo diren hauteskundeetarako ...
Nekane Balluerka errektoretzarako hautagaiak aurkeztu duen taldean daude Patxi Juaristi Larrinaga, Agustin Erkizia Olaizola, Jon Zarate Sesma eta Inmaculada Gerrikagoitia Marina
Azaroaren 24an EHUko errektorea hautatzeko egingo diren hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du Nekane Balluerka EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko egungo errektoreordeak. Hamalau pertsonak, zazpi emakumek eta zazpi gizonezkok osatzen dute unibertsitatea zuzentzen lagunduko dion taldea. Horien artean, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko lau herritar daude: Markina-Xemeingo bizilagun bi, Patxi Juaristi Larrinaga eta Agustin Erkizia Olaizola; lekeitiar bat, Jon Zarate Sesma; eta bermeotar bat, Inmaculada Gerrikagoitia Marina.Patxi Juaristi Larrinaga Soziologian doktorea Bizkaiko Campuseko errektoreorde kargurako hautagaia da. 1993az geroztik, EHUko irakaslea da, eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzia Sailean ematen ditu eskolak. Euskal kulturari, euskal balioei, euskarari eta oro har hizkuntzei buruzko artikulu ugari eta hamahiru liburu argitaratu ditu. 36ko gerragaz eta memoria historikoagaz lotutako gaien gainean ere argitaratu du. 2012tik Euskaltzaindiko euskaltzain urgazlea da.
Azaroaren 24an
Gipuzkoako Campuseko errektoreorde kargurako hautagaia da, berriz, Agustin Erkizia Olaizola. Aizarnazabaldarra izatez, urte askoan bizi da Markina-Xemeinen. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea, Finantza Ekonomia eta Kontabilitatea arloko irakasle titularra da gaur egun, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Azken lau urteetan, Gipuzkoako Kanpuseko Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan da.
Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde kargurako hautagaia da, bestalde, Jon Zarate Sesma Farmazian doktorea. Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko irakasle agregatuak, Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean ematen ditu eskolak. Errektoreorde kargua zer den badaki Zaratek. Izan ere, azken agintaldiaren erdi aldera errektorego taldean sartu zen, Euskararen arloko errektoreorde gisa.
Inmaculada Gerrikagoitia Marina bermeotarra, ostera, Irakasle-Ikertzaileen Arloko errektoreorde kargurako hautagaia da. Zientzietan doktorea Giza Anatomiako irakasle titularra da Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Sailean.
Nekane Balluerka ordiziarra da EHUren errektoretzarako hautagaitza aurkeztu duen bakarra, oraingoz. Hala ere, hauteskundeetako egutegiaren arabera, astelehenean emango dituzte jakitera errektoretzara aurkezten diren behin betiko hautagai guztiak. Hauteskundeak azaroaren 24an egingo dituzte.