Auzolana oinarri hartuta, Usotegi Eguna ospatuko dute zapatuan
Lekitto Bedarrak antolatuta, askotariko ekintzak egingo dira parkean. Taldeak urte osoan egindako lana bistaratu eta herritarrak parkera joatea nahi duLekitto Bedarrak antolatuta, Usotegi Eguna ospatuko da zapatuan, Lekeitioko Usotegin. Taldeak urte os...
Lekitto Bedarrak antolatuta, askotariko ekintzak egingo dira parkean. Taldeak urte osoan egindako lana bistaratu eta herritarrak parkera joatea nahi du
Lekitto Bedarrak antolatuta, Usotegi Eguna ospatuko da zapatuan, Lekeitioko Usotegin. Taldeak urte osoan Usotegi parkean egiten duen lana bistaratzeko eta herritarrak parkera joateko antolatzen du jaia, eta aurten, laugarrenez egingo dute. Formatua aurreko urteetako bera izango dela eta jaiaren oinarria auzolana izango dela iragarri dute.Beste behin ere, merkatu plazara joaten diren ekoizleek euren lekua edukiko dute jaian. «Besteak beste, guk salmenta zuzena bultzatu nahi dugu, aurrez aurrekoa, eta horregatik egiten diegu lekua bertoko ekoizleei», azaldu dute taldeko kideek.
Taldeak urte osoan egiten dituen ekintzetan auzolana nagusitzen denez, jaialdian ere hori presente egongo dela aurreratu dute. «10:00etan hasiko gara parke aurrean dauden lorontziak apaintzen. Eta horretarako, Olatz Eigurenen laguntza edukiko dugu». Lorontziak lorez bete eta gero, Mari Talako eskulan tailerreko kideek lorontziak margotuko dituzte. «Lan handiena aurretik eginda edukiko dute eskulan tailerrekoek; egunean bertan ezin dira dena egiten hasi. Dena dela, zapatuan lorontzien zati bat margotuko dute». Aurreratu dutenez, eskultan taldeko kideek udazkeneko koloreekin margotuko dituzte lorontziak.
Hitzaldi eztabaida Amaia Gabilondo Arabako Ozaeta herriko GaraiON taldeko kideak gidatuko du. «Talde horrek natura eta ondare sozialari lotutako jarduerak lantzen ditu, auzolanean. Eta berak euren esperientzia kontatuko digu». Izan ere, talde horrentzako auzolana funtsezkoa da. «Auzolana edozein artelan edo elkarlan bideratzeko modu eder bat da; ametsak modu kolektiboan eraikitzeko arma ederra da», dio Gabilondok.
Iaz egin modura, aurten ere aitzur jaurtiketa txapelketa eta kalabazaren pisu neurketa ere egingo dira.
Parkearen bilakaera
Parkeko eraikina amaitu eta gero, taldeko kideek beste txabola txiki bat egin zuten, tresnak bertan laga ahal izateko. Orain, auzokonpostagailua jartzea geratzen dela diote. «Urte amaierarako eginda egongo da».
Ortuei dagokienez, nahi duten herritarrek Usotegin ortua lantzeko aukera daukatela diote. «Nahi duguna da libre dauden sailak herritarrek hartzea eta lantzea; zapatuan hori ere esango dugu».
Jaiagaz, taldeko kideek lanean jarraitzeko pilak kargatuko dituztela azaldu dute.