Seigarren urtez jarraian, Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindulari taldeak
ziklokros eguna antolatu dute. Aipatu kirol jarduera
domekarako antolatu dute, eta
ume eta nagusiek parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Umeak iazko lasterketan
Ohi legez, Burujabetasun zelaian (kanposantu ondoan) egingo dute ziklokros eguna,
11:00etan hasita. Hala ere, adin guztietako herritarrei zuzendutako proba izanik,
sei lasterketa antolatu dituzte, adinaren arabera banatutakoak.
- LH 1. maila: 12:05ean.
- LH 2. maila: 11:50ean.
- LH 3 eta 4. mailak:11:30ean.
- LH 5 eta 6. mailak: 11:00etan.
- DBH 1, 2,3 eta 4. mailak eta nagusiak: 12:15ean.
Aurreko urteetako modura, parte hartzaile
bakoitzak bere kaskoa eroan beharko du, eta horren
erabilera derrigorrezkoa dela aipatu dute antolatzaileek.
Ziklokros egunean parte hartu gura duten
ikasleek, bakoitzak bere
ikastetxean eman beharko du izena.
Nagusiek, berriz,
Araneko kiroldegian egin beharko dute. Izan ere, domekan bertan ezingo dela izena eman adierazi dute antolatzaileek. Izena ematerako orduan, parte hartzaile bakoitzak eskumuturreko bat jasoko du, lasterketa egunean eroan beharko dutena. Nagusiek kiroldegian bertan hartuko dute, ikasleek, berriz, ikastetxeetan.
Azaldu dutenez, lasterketa amaitzerakoan parte hartzaileek Araneko kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.
Irune Ormaetxea kirol zinegotziak azaldu duenez, “ziklokros egunagaz herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea da asmoa, bai eta osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaldu ere”.
Iaz 173 txirrindularik parte hartu zuten ziklokros egunean. Aurten ere, parte hartzaile kopuru antzekoa egotea espero dutela esan du Ormaetxeak.