Sindikatuek TTIP/CETA itunen aurkako mobilizazioekin bat egin dute
Eskualdeko ELA eta LAB sindikatuek azaroaren 5ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin dute; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta TTIP/CETA EZ erakundeek egindako deialdiekin bat eginez.
Mobilizazio hauek, Amerikako Estatu Batuekin TTIP eta Kanadarekin CETA bezalako nazioarteko merkataritza itunen aurka daudela adierazteko izango dira. Antolatzaileen hitzetan, itun hauek nazioarteko enpresa handiei bakarrik egiten diete mesede, merkatuen askatasunak defendatuz, herritarren eskubideen gainetik.
“Akordio hauei buruz gutxi dakigu, dena sekretupean daudelako adosten, baina presio soziala dela eta, herri batzuetan atzera bota dituzte –adierazi du Arrate Elkoro ELA sindikatuko bozeramaileak–. Lan osasuna eta ingurumen arloan dauden oztopoak suntsitu nahi dituzte, batez ere enpresen interesen mesederako. Tratatu hauen bitartez, multinazionalen interesek herritarren interesen gainetik jarriko dira”, gehitu du Elkorok.
Antolatzaileek beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko bat beharrezkoa dela aldarrikatzeko mobilizazioa ere izango dela diote. “Gure aldarrikapena ez da guzti honen kontra egitea, beste eredu batzuk daude, nazioen elkartasunaren bitartez eraikitako beste akordio mota batzuk, azkenean herriek, komunitateek eta eragile sozialek ere bai guzti honen parte izan behar direla uste dugu –azaldu du LABeko Oihana Zabalak–. Guk akordio hauei ezetz esaten diegu, baina horren aurrean alternatibak eraikitzearen alde gaudela adierazteko egiten ditugu manifestazio hauek“.
Mobilizazioak azaroaren 5ean, zapatuan, egingo dituzte. Bilbon 13:00etan Kalejira egingo dute Unamuno Plazan, eta 17:30etan manifestazioa Plaza Eliptikotik hasiko da. Donostian mobilizazioa 17:00etan hasiko da, Bulebarrean; Gasteizen 12:00etan kalejira egingo dute Virgen Blanca Plazan eta Iruñean, bus geltoki zaharrean 13:00etan hasiko da manifestazioa.