LOMCEren eta Heziberriren kontrako mobilizazioak egingo dituzte bihar
Espainiako gobernuaren LOMCE legearen eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri proiektuaren kontrako mobilizazioak burutuko dituzte bihar goizean bertoko zenbait ikastetxetan.
Era berean, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Nafarroan manifestazioak egingo dituzte 18:00etatik aurrera, Euskal Herrian gure hizkuntza! lemapean.
Busturialdeko ikastetxeei dagokienez, Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean, esate baterako, 09:30etatik 10:30etara lanuztea egingo dute, eta eskola aurreko eskaileretan elkartuko dira.
Gernika BHIn, atsedenaldia aprobetxatuta, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute institutuko sarreran. Bermeoko institutuko D.B. H 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek, berriz, egun osoko greba egitea erabaki dute.
Mundakan 18 irakasleetatik bik egin dute bat lanuzteko deialdiagaz.
Ikastoletan ez
Espainiako ikasleen sindikatuak eta Ceapa gurasoen elkarteak LOMCEren kontra greba egiteko dei egin du. Madrildik bultzatutako protesta dela iritzita Ikastolen Elkarteak ez du bat egin deialdiagaz: «LOMCEren aurka egoteaz gain, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema eraiki behar dugu». Une erabakigarria da urteetako inposizioei ezetz esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak Euskal Herrian hartzeko».
Hain zuzen ere, Euskal Herriko hezkuntza eragileak bitan banatuta protesta egingo dute. Batetik ELA, Steilas eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak deitu dituzte mobilizazioak, eta bestetik UGT?eta CCOO?sindikatuek.