Haitz Nagusijek merkatu txikia antolatu du zapaturako
Alde Zaharreko Haitz Nagusije auzo elkarteak merkatu txikia antolatu du zapaturako. Horretan, herritarrek bigarren eskuko objektuak salerosteko edo trukatzeko aukera edukiko dute. Goiko Plazan jarriko dituzte salmahaiak, 10:00etatik 15:00etara.
Koadroak, bitxiak, jostailuak, arropak, eskulanak, liburuak, diskoak… Ohi legez, denetik sal dezaketela azaldu dute elkarteko arduradunek. Gainera, eskulanak egiten trebeak diren herritar horiek ere parte hartzera animatzen dituzte, artisauek ere lekua baitute azokan.
Parte hartu gura duten horiek guztiek, hala ere, aurretiaz eman beharko dute izena Gizarte eta Kultura Etxean.