Aurreko denboraldiko izarrik barik, eta aurpegi berri askogaz Mario Lopezek talde sendoa osatu duela agerian geratu da asteburuan, beste behin. Izan ere, orain arte lehiaturiko sei jardunaldietatik bost irabazi ditu (jarraian), eta zapatuko Perfumerias Avenidaren kontrako garaipenagaz Emakumezkoen Ligako talde handienetakoa dela erakutsi du.
Maria Pinaren eskutik, etxekoenak izan ziren partidako lehen saskiratzeak. Eroso jokatzen hasi ziren Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariak, eta aurreko beste partida gehienetan moduan, defentsa lanetan bikain aritu ziren hasieratik.
Pirsic bizkor, eta Garciaren eta Diezen hirukoekin 17-8ko markagailuagaz heldu ziren 8. minutura. Miguel Angel Ortega Avenidaren entrenatzailea ez zegon konforme, eta defentsa indartzeko zenbait aldaketa egin zituen. Baina, hori ez zen nahikoa izan etxeko defentsaren horma apurtzeko.
Talde gernikarra nagusi zen kantxan, baina, Ortegaren aldaketa igarri zuten. Biek ala biek saskiratzen asmatzeko arazoak izan zituzten, ligako defentsa sendoenetarikoak dituztenaren adierazgarri. Alde estuagaz, 24-21eko emaitzagaz joan ziren aldageletara.
Argazkia: Gernika KESB.
Partidako 22. minutuan Avenidak markagailuan aurretik jartzea lortu zuen (24-25). Baina, etxekoen erantzuna berehala heldu zen; Pinaren eta Pirsicen saskiratzeekin sei puntuko aldeagaz ziren: 31-25.
Hurrengo minutuetan ere lehia bizia egon zen bi taldeen artean. Biek ala biek asko zuten jokoan, eta puntu gutxiko aldea zuten. Avenida 45-46 jarri zen aurretik, baina, etxekoak ez zeuden garaipenak ihes egiten uzteko prest. Jeffersonek esaterako, denboraldiko partidarik onena burutu zuen, eta neurketaren azken jokaldietan Pinaren eta Carterren saskiratzeekin etxekoek markagailuan aurretik mantentzea lortu zuten.