12-65 galdu arren, partidan egindako lanagaz pozik daude Gernika Rugby Taldeko jokalariak. Izan ere, emaitza gutxienekoa izango zela bazekiten aurretik, eta horregatik, zelaian gustura jokatzea zen basurdeen nahia.
“Partida aurretik beldurragaz eta urduri egon arren, gogotsu zelairatu ginen. Oso pozik gaude, haiek asko lagundu ziguten zelaian. Lasai jokatu zuten, eta horrek gustura egoten lagundu zigun”, azaldu du Lukene Uriarte taldeko kapitainak.
Argazkia: Pedro Urrutxua.
Etxekoek bi entsegu egin zituzten. Lehenengo zatia amaitzear zela Libek lortu zuen lehena, eta Batirtzek transformatu zuen. Bigarren entsegua partidako azken minutuetan markatu zuen Karlak, baina, Batirtzek ez zuen transformatzea lortu.
Bi taldeen arteko aldea igarri zen zelaian. Izan ere, talde gernikarra osatu berri dute; hasiberriak dira, eta Hernani, berriz, esperientzia handiko taldea da. “Hango lau jokalarik selekzioagaz jokatzen dute, pentsa! Baina, guk eutsi genien, eta oso pozik aritu ginen haiekin”, zehaztu du Uriartek. Horren adierazgarri da Hernaniren entrenatzaileak basurdeak zoriontzea.
Hurrengo aurkaria ere indartsua
Amaiur Torneoaren hurrengo jardunaldia azaroko lehen asteburuan lehiatuko dute. Gernika R.Tak La Unica Neskak taldearen kontra jokatuko du. Aurkari gogorra da, eta indartsu hasi du denboraldia. “Gaztedik ondo jokatzen du, esperientzia dauka eta La Unicak 0-62 irabazi zion, beraz, badakigu zer datorkigun. Hala ere, betiko moduan gogotsu jokatuko dugu”.