Bizkaiko Lurralde Auzitegiak aginduta, 29 ertzainek Gernikako
epaitegian deklaratu behar zuten gaur, bihar eta eguena bitartean. Hain zuzen, 2014ko abenduaren 15ean Jone Amezaga errigoitiarra atxilotzeko operazioan gertatutako istiluetan zauritutako Julia Lanas gernikarrak jarritako salaketagatik deklaratu behar zuten. Hala ere, ertzainen identifikazio
zenbakiekin arazoak egon direla eta, deklarazioak
atzeratu egin ditu epaileak, Lanasen abokatu Aitor Amutiok HITZAri jakinarazi dionez.
Hala, Jone Amezaga errigoitiarraren atxiloketan parte hartu zuten ertzain denen zenbakiak eskatu dizkio Ertzainburuari. Amutioren esanetan,
zenbaki guztiak jaso ostean, epaileak
berriro deklaratzera deitu beharko lituzke ikertu behar dituzten 29 ertzain horiek.
Errigoitiarraren atxiloketan parte hartu zuten ertzain denen zenbakiak eskatu dizkio epaileak Ertzainburuari.
Lanasen sendiak jarritako salaketa onartu ostean, urriaren hasieran jarri zituen epaileak 29 ertzaini
deklarazioa hartzeko egunak. Merkatu plazako istiluetan lurrera bota zuten Lanas, eta, ondorioz, besoa hautsi eta zauriak izan zituen hanketan. Hori dela eta, Ertzaintzaren kontrako salaketa jarri zuen Lanasek 2015eko martxoan.
Julia Lanasen sendiarekin hitz egiteko aukera izan zuen
BERRIA egunkariak. Lanasen semeetako batek egunkari horri adierazi legez, familiak ez du itxaropenen handirik Bizkaiko Lurralde Auzitegiak abiatu duen ikerketarekin; Euskal Herrian halakoak«askotan» gertatu direla eta «beti» zigorrik gabe amaitzen dutelako.