Gernika Rugby Taldeak 22-23 irabazi zion atzo Independiente Rugby taldeari.
Azken emaitzak erakusten duen berdintasunagaz hasi zen neurketa. Etxekoek markagailua estreinatuko zutela zirudienean, heldu zen basurdeen entsegua, Matias Lopezen eskutik. Pichlerrek ez zuen transformazioan hutsik egin, eta 0-7 jarri ziren aurretik.
Baina, kantabriarrek berehala erantzun zuten. Jokaldi bizkor batean gernikarren atzealdean lekua egin, eta Mariano Garciak markagailua berdintzea lotu zuen. Kolpe horrek etxekoak suspertu zituen, eta jokaldi luze baten ostean, aldea handitzeko balio izan zien entsegua markatu zuten.
Basurdeek garaipena gura zuten, eta erasora jo zuten. Pichlerrek zelai erdian baloia jaso, eta abiadura biziko jokaldian gernikarren bigarren entsegua lortu zuen. Transformazioan baina, ez zuen zorterik izan, haizearen eraginez baloia bi zutoinengandik zentimetro eskas batzuetara geratu zelako.
17-12 amaitu zuten lehen zatia. Atsedenalditik bueltatu eta pare bat minutura, Eduardo Maidagan eta Nico Martinezen taldeak beste entsegu bat markatu zuen. Pichlerrek baloia kanpora bidali zuen. Handik gutxira Andrew Kingek beste entsegu bat lortu zuen talde gernikarrarentzat, baina, orduan ere Pichlerrek ez zuen transformazioan asmatu. Hala ere, kolpe horri esker 17-17 jarri ziren.
Argazkia: Gernika Rugby Taldea.
Baina, berdinketak ez zuen askorik iraun. Taiel Palmieri etxeko jokalariak entsegua egin zuen (Mariano Garcia ez zen transformatzeko gai izan). Orduan, basurdeak kementsu, eta haien nortasuna erakutsiz aurkariak estutzen hasi ziren. Eta horrela, zigor-entsegu bat transformatuta, 22-20 jarri ziren markagailuan.
Partidaren azken minutuak emozioz beterikoak izan ziren, eta basurdeek sufritu egin zuten. Pichlerrek beste zigor-entsegu bat transformatu zuen, puntu bateko errenta lortuz (22-23). Baina, etxekoak ere gauza bera lortzeko zorian egon ziren. Talde gernikarraren pozerako, Mariano Garciak ez zuen transfmormazioan asmatu.