Herriko nagusien mesederako
Orain 25 urte sortu zuten Busturiko Hirugarren Adinekoen elkartea; 25 bazkidegaz hasi ziren, 198 bazkide dira gaur egun, eta goraka doazela diote.Pozik daude urte hauetan guztietan egin izan duten lanagaz. Herriko nagusien mesederako sortu zuten Bustur...
Orain 25 urte sortu zuten Busturiko Hirugarren Adinekoen elkartea; 25 bazkidegaz hasi ziren, 198 bazkide dira gaur egun, eta goraka doazela diote.
Pozik daude urte hauetan guztietan egin izan duten lanagaz. Herriko nagusien mesederako sortu zuten Busturiko Hirugarren Adinekoen Elkartea, orain 25 urte; eta, orduz geroztik, gauza asko egin dituzte. 25 bazkidegaz hasi ziren martxan, eta lehenengo urtea 50 bazkidegaz amaitu zuten. Gaur egun 198 bazkide dira, eta ateak zabalik dituzte.Busturiko Udalak 1991. urteko martxoaren 3an egin zuen Hirugarren Adinekoen Elkartea sortzeko lehenengo deialdia. Bilera hartara 25 lagun joan zirela gogoan dauka Rosalina Iturbe presidente ohiak: «Bilboko, Gernika-Lumoko eta beste herri batzuetako adibideak jarri zizkigun orduko abade Don Julianek. Hirugarren Adinekoek Busturian elkarte bat sortzea ona litzatekeela esan zigun, adineko herritarrak batu eta elkarri laguntzeko».
Busturiko auzo guztietako ordezkari pare bat batuta, martxoaren 19an egin zuten lehenengo batzarra, Axpen. Han izendatu zuten elkarteko zuzendaritza taldea, eta lehenengo presidente izendatu zuten Agurtzane Zigorraga. Lau urtera, baina, aldaketak egin behar izan zituzten zuzendaritza taldean, Zigorraga gaixotu egin zelako. Rosalina Iturbek hartu zuen presidente kargua, eta ia 20 urtez ardura hori eduki du.
Hasiera «gogorra» izan zela dio Iturbek, nahiz eta «gogoz» lan egiten zuten. Lokalik ez zeukaten, eta telefono barik hasi ziren lanean. Bederatzi urte egin zituzten egoitzarik barik; kalean batzen zirela diote. Gernika-Lumon orduan zegoen BBKren egoitzara jo zuten, lokal baten eskean. «Herriko udalera jo, eta egoitzaren bat bilatzeko esan ziguten, eta diru laguntzarik behar bagenu eurei eskatzeko», dio Iturbek. Hala egin zuten, beraz. San Kristobal auzoan duten egoitza 2000. urteko abenduaren 24an inauguratu zuten.
Adostasunik ez
Hala ere, elkartearen egoitzak herriko zein auzotan egon behar zuen erabakitzeko trabak izan zituzten, zuzendaritzako kideak ez ziren-eta ados jartzen. «Bakoitzak bere auzoan egotea gura zuen» gogoratzen du Iturbek. «Orduko alkateak esan zigun sinadura gehien batzen zutenen auzoan zabaldu genezakeela lokala. Gu, hemen, San Kristobalen, etxez etxe joan ginen, eta gainontzeko auzoetakoek baino sinadura gehiago eraman genituen». Elkartearen egoitza, beraz, San Kristobalen dago.
Busturiko Udalaren laguntza eduki dute beti. Horren eta BBKren laguntzagaz, egoitza osatzen joan ziren. Behin egoitza izanik, ikastaro, irteera eta hainbat jarduera antolatzen hasi ziren.
Irteerak, esaterako, urtean hiru egiten hasi ziren, eta, gaur egun oraindik hala jarraitzen dutela dio gaur egungo presidente Juan Bilbaok. Arrotegi zaharren egoitzara ere urtean birritan joaten dira, hangoekin jarduerak egitera. Hala, urtean behin ipuin kontalari bat eramaten dute.
Beste batzuetan, berriz, egoiliarrak hartu eta kanpora ateratzen dituzte, «inguruko herrietan dauden azoketara, esate baterako». Bilbaok dioenez, aurten Santa Zezilia egunean ere joateko asmoa daukate, «elkarregaz abesteko».
Busturiko Udalagaz batera, bestalde, Burua martxan ikastaroa egiten hasi ziren. «Euskaraz idazten eta irakurtzen, matematikak, geografia… ikasten genituen, besteren artean». 14 urtez antolatu izan dute ikastaro hori, baina azken urteetan ez dute nahikoa jende izan. «Diru laguntza edukitzeko, gutxienez, zortzi lagunek eman behar dute izena», dio Iturbek. Gorputza martxan egitasmoagaz aurrera jarraitzen dute; 18 lagun batzen dira.
Ordenagailuak erabiltzen ere ikasi dute, eta ilusio handiagaz gogoratzen du Iturbek ikastaro hori. Oso arrakastatsua izan zela dio. Busturiko Udalak emandako ordenagailuekin hasi zuten ikastaroa, 2008an. Ordenagailu baten oinarrizko funtzionamendua ikasten hasi ziren, baina Interneten informazioa bilatzen eta mezuak bidaltzen ikasteko aukera ere eduki zuten. Bost urtean gauza «asko eta asko» ikasteko aukera eduki zuten. Zortzi lagun hasi baziren ere, gerora ordenagailu gehiagoren beharra eduki zuten, jende gehiago animatu zelako. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak ekarri zizkien ordenagailu berriak.
Ikastaroari esker, gai izan dira irteerak egiteko beharrezkoa zuten informazioa Internet bitartez bilatzeko, bai eta erreserbak egiteko ere. «Horretarako gai izatea guretzako gauza handia izan da, asko ikasi dugu».
Hirugarren Adineko Elkarteari esker, bestalde, telefono mugikorrak erabiltzen ere ikasi izan dute. «Elkarteari eskerrak; bestela, ez genuke ezer ikasiko, atzeratuta egongo ginateke», dio lehengo presidenteak.
«Zorte onekoak» izan direla dio Iturbek: «Zuzendaritza lan talde oso ona eduki dugu, oso ondo konpondu gara beti». Gazteagoei lekua uzteko utzi zuen presidente izateari Iturbek, eta lekukoa «pertsona egokiari» utzi diola uste du.
Abesbatza martxan
Zuzendaritza berriko kideek orain arte elkarteak egiten zituen jarduerak mantenduko dituzte; hala ere, ekintza berriak antolatzen saiatuko dira. Bilbaok dioenez, zenbait ideia badituzte buruan, baina ez du ezer aurreratu gura izan.
Hori bai, elkartearen abesbatza sortu dutela esan du. Iaz hasi ziren martxan, eta 30 lagun inguruk parte hartzen dute. San Kristobaleko egoitzan batzen dira astelehenero, probasaioak egiteko. Herrian «oso pozik» hartu dute Busturiko Abesbatzaren sorrera.
60 urtetik gorako busturiarrek eman ahal dute izena Busturiko Hirugarren Adinekoen Elkartean. Herritarrak animatu gura dituzte bazkide egitera, 60 eta 61 urteko jende gutxi dago eta.
25 urte bete dituzten honetan, Busturiko Udalak presidente izandako guztiak omendu gura izan ditu, eta Adinekoen Nazioarteko Eguna aprobetxatu zuten horretarako. Hiru presidenteek lore sorta bana jaso zuten, eta elkartearentzako plaka bat ere hartu zuten.
Beste alde batetik, 25 urteetako ibilbideari buruzko bideo bat ere grabatu du Busturiko Udalak, herriko nagusien omenez. 26 minutuko bideoan 25 urtean bizitakoa kontatu dute: lana www.busturia.org webgunean jarri dute ikusgai.