'Game of Thrones' grabatzen hasiko dira gaur, Gaztelugatxe inguruan
Gaztelugatxerako bidea itxita egongo da urriaren 23a bitartean. Telesailak Bermeo mundu zabalean ezagutzera emango duela uste du Bermeoko alkateakGame of Thrones telesailaren grabazioarekin hasiko dira gaur, Bermeon. Gaztelugatxeko San Juanen egingo di...
Gaztelugatxerako bidea itxita egongo da urriaren 23a bitartean. Telesailak Bermeo mundu zabalean ezagutzera emango duela uste du Bermeoko alkateak
Game of Thrones telesailaren grabazioarekin hasiko dira gaur, Bermeon. Gaztelugatxeko San Juanen egingo dituzte grabazioak; hortaz, hara doan bidea itxita egongo dela jakinarazi du Bermeoko Udalak, gaurtik urriaren 23ra bitartean. Bermeoko alkate Idurre Bideguren, Bego Gangoti Turismo arduraduna eta udaleko teknikariak grabazioak egingo dituzten lekuan egon ziren atzo, ingurua ikuskatzeko.Bidegurenek esan duenez, apirilean hasi zituzten ekoizpen etxearekin hartu-emanak, eta eskaera denei erantzuna eman diela azaldu du. «Garrantzitsua da telesail ezagun bat Bermeon grabatzea, turismoarengan izango duen eraginagatik», esan du Bidegurenek. Beraz, Bermeo mundu mailan ezagutzera emango duela uste du alkateak, telesaila horretarako erakusleiho «ezin hobea» izango delako. «Benetan harro eta pozik gaude, eta gure herriarentzako oso positiboa izango dela uste dugu, jende asko erakarriko duelako bai Bermeora zein Euskal Herrira».
Beraz, aurrera begira, erakunde ezberdinek «erronka garrantzitsua» dutela esan du Bermeoko alkateak; «bisitan etorriko diren guztiei erantzunik onena emateko prest egin behar dugulako».
Datozen egunetan, beraz, Game of Thrones telesailaren ekoizpen etxeak hartuko du Gaztelugatxeko San Juan.
Ingurumenagaz arretatsu
Legezko baldintzak bete ondoren, inguru horretan jabego publikokoak diren 30.500 metro koadro okupatzeko baimen berezia eman dio udalak. Leku pribilegiatua da Gaztelugatxe, eta ingurumenagaz arreta berezia edukitzeko eskatu die udalak produktoreei. Ingurumena zaintzea eta babestea ez ezik, lekuz mugitu edo aldatzen dituzten elementu guztiak grabazioa amaitu ostean lehenago zeuden moduan uzteko ere eskatu die.
Grabaziorako baimen berezigaz konfidentzialtasuna bermatzea dute helburu, telesailaren zazpigarren denboraldiko edukia ezagutzera ez emateko. Alkateak zehaztu duenez, «une oro ekoizpen etxeak eskatutako konfidentzialtasuna eta diskrezioa mantentzen saiatu gara, hain ezaguna den telesail hori gure herrian grabatzeko ezinbesteko baldintza dela esan digutelako».
Bitartekari lanak
Gainera, produkzio taldeak Bermeoko Herri Babeseko kideen laguntza izan du. Bermeoko udal zerbitzuetako langileen, Udaltzaingoaren, turismo sailaren eta Bermeoko bi enpresaren laguntza ere izan dute, besteak beste. Bermeoko udal arduradunek jakinarazi dutenez, horiek guztiek lan handia egin dute grabazioa posible izateko.
Era berean, Game of Thrones telesailaren grabaziorako behar izan dituzten lanpostuen kudeaketan bitartekari lanak egin ditu Behargintzak; beti ere, bermeotarrei lehentasuna emanez. Peoien lanpostuak betetzeko, aldiz, Lanbideko zerrendetara jo du Behargintzak, langabetuei lehentasuna eman asmoz.
Telesailaren grabazioagaz bat egingo du Bermeoko Bermistorian jaialdiak. Horregatik, azaroaren 22an eta 23an herrira hurbiltzeko gonbidapen berezia egin dio Bermeoko alkateak Game of Thrones egiten duen talde osoari.