Elantxobeko aterpetxeak ezin du bizileku izan
Portu Kalean dagoen aterpetxean bizitzeko edo ostatu zerbitzua eskaintzeko ezintasuna adierazi du Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, Kosten legearen bitartez. Eraikinari erabilera berri bat emateko, udalak herritarren proposa...
«Eraikina toki arriskutsuan dagoela dio Kosten Legeak. Eta orain lege honek dioena bete beharko dugu, eta beste erabilera bat aurkitu beharko zaio eraikin honi», azaldu du Jesus Mari Olagibel Elantxobeko alkateak.
Aterpetxea portuaren gainean dagoen eraikina da, itsalabarraren ertz batean itsasora doazen zimenduen gainean. 28 leku inguru ditu eta bi solairutan banatzen da. Urtean 2.150 pertsona inguru hartzen ditu. Kudeaketa udalak egin du orain arte, Suspergintza irabazi asmorik gabeko erakundeagaz.
Eraikinaren parte batzuk duela gutxi zaharberritu dituzte, otsailean egon zen itsasoaldiak eraikina eusten duen horman, teilatuan eta inguruko argiterian kalteak eragin zituelako.
Suspertze ekonomikoa
«Legeak aterpetxea itxi behar dugula dio, baina ez ditugu instalazio hauek erabilerarik gabe utziko, beraz, orain denon artean eraikin honegaz bat datorren jarduera bat bilatzeko apustua egingo dugu. Herriak duen izaeragaz eta eraikinaren kokapenagaz bat datorren erabilgarritasuna eman nahi diogu».
Herriko jarduera ekonomikoak suspertzeko helburuagaz, bertako zein kanpoko proposamenak hartzeko prest dago udala: «Lanpostuak sortzea eta eskaintzen diren zerbitzuak hobetzea izango da premisa».
Egitasmoa gorpuzteko, udalak kofradian pisatzeko lonja alokatzeko aukera eman du lehiaketa publiko baten bitartez. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 4a arte dute erabilera proposamenak aurkezteko.
Bestalde, negozio berri bat ezarri nahi dutenei edo mantendu nahi dutenei ere erraztasunak emango dizkiete.
Bestelako proposamenak batzeko, udalak deia zabaldu du herritarrek beraien ideiak jakitera emateko. Horretarako udal gardentasun ataria, helbide elektronikoa eta udal erregistroa.