Bermeok eta Eak herriko adinekoekin lagunkoiak izateko plana garatuko dute
Epe luzerako programa garatuko dute, Bizitzen Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Plana garatzeko diagnostikoa egingo dute lehenengoBizitzen Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, Bermeoko eta Eako Udalek pertsona n...
Epe luzerako programa garatuko dute, Bizitzen Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Plana garatzeko diagnostikoa egingo dute lehenengo
Bizitzen Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, Bermeoko eta Eako Udalek pertsona nagusiekin herri lagunkoia proiektua abiatu dute. Ean, hain zuzen, Beletxe elkarteagaz elkarlanean garatuko dute proiektua.Adinekoak protagonista bihurtu nahi dituzte, hitza eman eta herrian lekua izan dezaten. Adinekoen ikuspegitik errealitatearen pertzepzioa eta definizioa ezagutu gura dituzte Ean, gerora begirako erabakiak horietan oinarrituta hartzeko.
Bermeon, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidente Benito Ibarrolazak azaldu du, proiektu horren helburua dela «herriko auzo eta inguruneak hobetzea, zahartzen joan ahala bizimoduagaz aurrera jarraitu ahal izateko». Horretarako, Ibarrolazak dio herriek beren egiturak eta zerbitzuak egokitu behar dituztela, «iriste errazagoak izateko eta beharrizan eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsona nagusiak aintzat hartzeko». Beraz, proiektu horren bitartez, pertsona nagusien bizi kalitatea hobetu gura dute, eta, era berean, baita herritar denena ere.
Herri lagunkoia proiektuan herritarren parte hartzea «ezinbestekoa» dela esan du Ibarrolazak; batez ere, pertsona nagusiena. Epe luzerako programa izango da, eta hainbat epetan garatuko dute.
Ean, esate baterako, bost urterako plangintza estrategikoa garatuko dute, eta lehenengo pausoa egoeraren diagnostikoa egitea izango da.
Zortzi arlo
Bermeon ere diagnostikoa egingo dute lehenbizi, plan bat diseinatzeko gero. Ibarrolazak azaldu duenez, diagnostikoa egiterakoan zortzi arlo aztertuko dituzte: aire zabaleko lekuak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, parte hartzea eta gizarte sarea, herritarren parte hartzea eta enplegua, errespetua eta barne hartzea, komunikazioa eta informazioa eta azkenik, gizarte eta osasun zerbitzuak. Arlo horiek aztertuta, arlo onak eta oztopoak identifikatu, eta iradokuzinak jaso gura dituzte Bermeoko udal agintariek.
Herritarrekin batzarrak
Hainbat bide erabiliko dituzte horretarako. Batetik, udalak arloei zein pertsona nagusiei zuzendutako zerbitzuei buruzko txostena egingo du. Bestetik, inkestak banatuko dituzte udal eraikinetan, aipatutako zortzi arloei buruzko galderekin.
Hirugarren bidea herri batzarrena izango da. Bermeoko Udalak zehaztu duenez, sei batzar aurreikusi dituzte. Lehenengoan, adin nagusikoak zaintzen dituzten pertsonak bilduko dituzte. Hurrengo lau batzarrak adin nagusikoek parte hartuko dute, eta, seigarren eta azken batzarra zerbitzu hornitzaileei zuzendutakoa izango da.
Ean, berriz, eguaztenean egin zuten lehen batzarra, diagnostikoa lantzen hasteko.
Herri lagunkoia programan, adineko herritarrak ongizatea sortzeko prozesuaren protagonista izango dira. Bermeoko zinegotzi Benito Ibarrolazak esan duenez, «ongizate horrek eragina izango du egunerokotasunean, eta espazio publikoak zentzuz berreskuratzeko eskatuko du; azken finean, udalerriko eguneroko bizimodua denentzat onberagoa eta pozgarriagoa izatea ahalbidetuko duten gauza txikietan edukiko du eragina».