Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko presoa aske geratuko da bihar
Frantziako Uzercheko espetxean egin ditu azken hilabeteak. Senideek ez dakite ez zein ordutan, ez non, ez eta zelan askatuko duten. Sei urte daramatza herritik kanpoSenideek HITZA-ri jakin eragin diotenez, bihar geratuko da aske Andoni Lariz Ziortza-Bo...
Frantziako Uzercheko espetxean egin ditu azken hilabeteak. Senideek ez dakite ez zein ordutan, ez non, ez eta zelan askatuko duten. Sei urte daramatza herritik kanpo
Senideek HITZA-ri jakin eragin diotenez, bihar geratuko da aske Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko presoa. Frantziako Uzercheko espetxean egin ditu azken hilabeteak, eta ez dakite ez zein ordutan, ez non, ez eta zelan askatuko duten ere. Ezkajintasunean ere, pozik daudela diote. «Guztiok gaude pozik, baita Andoni bera ere».Larizek jaso duen azkenengo bisita aitarena izan da. Eta hark esandakoaren arabera, presoa ondo dago. Senideek, gainera, Ziortza-Bolibarrera noiz ailegatuko litzatekeen ere ezin dutela zehaztu esan dute. «Guri bihar bertan herrira ailegatzea gustatuko litzaiguke, baina ezin dugu zehaztu».
Maiatzetik Uzerchen
2010etik herritik kanpo dago Lariz. Handik hiru urtera, 2013ko urtarrilaren 11n atxilotu zuten Frantziako Borgoinan, ETAko kide izatea egotzita, eta handik Parisera eraman zuten.
Larizegaz batera atxilotu zuten, bai eta ere, Urtzi Etxeberria. «Helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide izatea, armak eroatea eta nortasun agiri faltsuak erabiltzea» egotzi zien epaileak.
Hasiera batean, Frantziako Essone departamenduko Fleury espetxean egon zen Lariz, eta egun gutxira, Bois D´Arcy espetxera lekualdatu zuten. Aurten, baina, maiatzaren 10ean espetxez aldatu zuten, eta Uzerchera eraman zuten.
Uzercheko espetxea Euskal Herritik gertuago badago ere, espetxe aldaketa egin zenean senideek azaldu zuten hara autoz joan behar zutela. «Lehen, Bois D’Arcyra garraio publikoan joan ahal ginen. Orain, bai edo bai autoz joan behar gara. Sei ordu inguruko bidaia da». Dena dela, Uzercheko espetxeak «baldintza hobeak» zituela esan zuten.