'Berritxu, danok einaz' kanpainako lehen dinamika egingo dute etzi
Berritxu, danok einaz kanpainako lehen ekintza egingo dute etzi. Hain zuzen ere, herritarren ekarpenak jasotzeko dinamika egingo dute 09:30etik aurrera, Mendibarren frontoian. Udal iturriek aurreratu dutenez, hiru bat orduko saioa izango da, eta bertan...
Udalak gogorarazi duenez, dinamikan parte hartu ahal izateko aurretik izena ematea komeni da udaletxean, baina bertara agertzeagaz nahikoa izango dela nabarmendu dute.
Lan saioa aurkezpen txiki bategaz hasiko da, eta ostean, proposatutako gaien inguruan eztabaidatzeko tartea izango dute herritarrek, lantaldetan antolatuta. 8-10 lagun inguruko lantaldeak osatuko dira, euskaraz zein gazteleraz, eta horiek era berezian antolatuko dituztela jakitera eman dute. «Lanketa egiteko materiala banatzen dugunean, parte hartzaile bakoitzari zenbaki bat banatuko diogu. Behin aurkezpena egin eta gero, zenbaki bera dutenen artean sortuko dira lantaldeak».
Lau alorretan banatuta
Dinamikari dagokionez, parte hartzaileek Zer sortu, aldatu edota mantenduko zenuke Berriatuan? galderari erantzun beharko diote, lau alorretan banatuta. Honakoak dira alorrak: Euskara-Gazteria-Hezkuntza-Kirola-Kultura, Ingurugiroa-Hirigintza-Mugikortasuna, Garapen Ekonomikoa-Turismoa-Auzoak eta Ongizate-Berdintasuna-Kultur Aniztasuna.
Lansaioak irauten duen tartean parte hartzaileek euren iritzia eman, eta ondorioak ateratzeko aukera izango dute. Ekarpen horiek, hain zuzen, ariketa amaitzean batu eta jendaurrean azalduko dira. Udalak nabarmendu duenez, ekarpen horiekin guztiekin txosten bat osatuko da, eta ondoren, herritarren aurrean aurkeztea izango da hurrengo pausoa.
Lanketaren ostean, 13:30ean bueltan, kopaua egingo dute.