Beharrizana dagoela ikusita eta
herritarren luzaroko eskaerei erantzuna emanez, Busturiko Udalak
txakurren kakak botatzeko ontziak jarri ditu. Jose Maria Uzelai herri ikastetxeko ikasleek ere Eskola Agenda 21 ekimenaren baitan egindako azken udal foroan horiek jartzeko proposamena luzatu zioten udalari.
![Txakur kakentzako ontzia](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2016/10/Txakur-kakak-1-768x1024.jpg)
Izpiluetako ontzia. Argazkia: Busturiko Udala
Momentuz,
hiru ontzi jarri dituztela esan du Bsturiko alkate Aitor Aretxagak,
hiru auzotan: Axpeko Izpiluetan, Altamirako tenis pisten inguruan eta San Kristobaleko tren geltokiaren inguruan. Hiru gune horietan berdeguneak daude, bai eta umeentzako jolas parkeak ere. Kexa gehienak inguru horietakoak izan direla dio alkateak, beraz, horietatik hasi dira.
Aretxagak azaldu duenez, saiakera bat egiten ari dira: «Proba modura, momentuz, txakurren kakak botatzeko hiru ontzi jarri ditugu, hala ere,
ondo badoa gehiago jartzeko asmoa daukagu».
Era berean,
kanpaina informatiboa ere martxan jarri dutela dio alkateak. Hala, informazio orri bat egin du udalak eta etxeetatik banatuko dute. Auzo ezberdinetako paneletan ere informazioa jarri dute, herritar guztiak jakinaren gainean egon daitezen.
Txakurren kakak «gogaikarriak eta antiestikoak izateaz gain, gaixotasunak zabaltzeko iturri izan daitezkeela» gogorarazten dute aipatu informazio orrietan. Horregatik, txakurren jabeei kakak jasotzeko eskaera egiten die, bai eta ontziak erabiltzeko eskaera egin ere.
Bestalde, edozein istripu ekidin asmoz, txakurrak kontrolpean eroan behar direla gogorarazi gura die herritarrei, «animalien ezaugarriei egokitutako uhalagaz, gehienez, bi metrokoa». Txakurrak identifikatuta eroateren beharraz ere ohartarazten dute. Eta, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeei jakinarazten die, bestalde, ziurtagiriak aurkeztea beharrezkoa izango dutela, eta aipatu txakurrak arrazari egokitutako muturrekoarekin joan beharko dutela. Pertsona bakar batek, gainera, ezingo duela mota horretako txakur bat baino gehiago eroan gogorarazi gura dute.
Betebehar horiek ez betetzeak isun ekonomikoak ekar ditzakela diote udaletik.