Sarek gernikarrak aktibatu nahi ditu, sakabanaketa politikari aurre egiteko
Aktibazio soziala bultzatzeko asmoagaz, salaketa kolektiboa egin zuen Sarek barikuan. Herritarren inplikazioa bilatzeko dinamikak antolatzen jarraituko dutela esan duteSalaketa kolektiboa egin zuen Sarek, bariku iluntzean. Gernika-Lumoko herritarrak sa...
Aktibazio soziala bultzatzeko asmoagaz, salaketa kolektiboa egin zuen Sarek barikuan. Herritarren inplikazioa bilatzeko dinamikak antolatzen jarraituko dutela esan dute
Salaketa kolektiboa egin zuen Sarek, bariku iluntzean. Gernika-Lumoko herritarrak sakabanaketaren kontra posizionatzeko eta aktibazio soziala bultzatzeko, urrats berriak emango dituela esan zuen. Hala ere, sakabanaketagaz amaitzeko, herritar denen inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu zuen Sarek.Espainiako Gobernuari euskal presoen kontrako sakabanatze politikari eusteko aukera ematen dion legerik ez dagoela salatu zuten barikuko ekitaldian; hala ere, sakabanaketa politikak egunerokotasunean duen eraginaren isla utzi zuten beste egunean.
Ekainean aurkeztu zuten Erradiografiak liburuxkako testigantzak bildu eta jendaurrean irakurri zituzten. Liburuxka horrek presoek eta haien hurkoek sakabanaketa politikaren ondorioz pairatzen duten hainbat injustiziaren testigantzak biltzen ditu.
Aurrera begira ere, salaketa publiko eta kolektiboagaz jarraitu asmoz, hainbat proiektu dauzka Sarek esku artean. Denen artean «bi egiteko nagusi» aipatu zituzten. Jon Rementeria Sareko kideak azaldu zuenez, esku artean dituzten tresnak errealitatea ezagutzera emateko baliatuko dituzte, Erradiografiak, kasurako. Era berean, tresna berriak sortuko dituztela aipatu zuen: «Ikus-entzunezko bat eta Internet bidezko bolg bat, esate baterako».
Bestetik, inplikazioa ahalik eta irekiena izateko, eremuen aktibazioa bultzatuko dute. Hain zuzen, herri ordezkarien, giza eskubideak eta bakegintza arloan dabiltzanen, emakumeen, gazteen eta beste hainbaten inplikazioa bultzatu nahi zuen Sarek.
Salatzen dut kanpaina
Barikuan Gernika-Lumon egin zuten salaketa kolektiboa Sarek irailean aurkeztu zuen Salatzen dut kanpainagaz bat egiten du. Euskal preso politikoen eskubideen alde herritarrak «artikulatu, parte egin eta aktibatzeko» helburuagaz hasi zuen kanpaina.
Hain zuzen, presoen %95i eta haien senideei eragiten dien «sakabanaketa mendekatzailea» salatu nahi dute, «estalitako bizi guztiko zigorra ezartzen dien salbuespen legeria» arbuiatzeagaz batera.