Liburuen Amuak irakurle klubeko saioak aurkeztu ditu udalak
Urritik maiatzera bitartean egingo diren irakurle klubeko bost saioak aurkeztu ditu Ondarroako Udal Euskara Zerbitzuak.Ohi modura, hileko azken zapatuan batuko dira, 10:00etatik 12:00etara, Txomin Agirre udal liburutegian. Joxe Mari Urteagaren gidaritz...
Ohi modura, hileko azken zapatuan batuko dira, 10:00etatik 12:00etara, Txomin Agirre udal liburutegian. Joxe Mari Urteagaren gidaritzapean, literatur zaleek liburu baten gainean jarduteko aukera edukiko dute.
Ikasturteari dagokionez, lehenengo saioa urriaren 29an egingo da. Saio horretarako Jasone Osoro idazlearen azken lana aukeratu dute. Hain zuzen ere, 2014an Augustin Zubikarai nobela beka irabazi zuen 12tan bermuta (Elkar, 2015) landuko dute.
Idazleagaz solasean
Bigarren saioa azaroaren 26an egingo dute, eta han Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten (Alberdania, 2005) izango dute mintzagai. Euskara batzordeak aurreratu duenez, idazleak berak parte hartuko du saioan.
Gabonetako atsedenaldia egin ostean, otsailaren 25ean, Iñaki Errastik itzulitako Mary Shelley-ren Frankenstein (Erein, 2014) izango dute mintzagai, eta apirilaren 29an, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak (Erein, 2010).
Ikasturteko azken saioa maiatzaren 27an egingo dute. Bertan, Ramon Etxezarretak itzulitako Eduardo Blanco-Amorren Parranda (Igela, 2016) landuko dute.
Saioetan parte hartzeko edo informazio gehiago nahi izanez gero, Txomin Agirre udal liburutegian (94-683 33 43 / liburutegia@ondarroakoudala.net) edo udal euskara zerbitzuan (94-683 36 68 / mrey@ondarroakoudala.net) eskatu beharko da.