Mundakako kaleak antzerki, dantza eta bestelako ikuskizunez beteko dira zapatuan [urriak 15],
Artekale Eguna jaialdian. Kale Arte Eszenikoen topaketaren bosgarren edizioak
Mundaka aukeratu du kultura eta artea modu herrikoian zabaltzeko.
Bilbon aurkeztu dute Artekale Eguna. Goian, erdian, Maiteder Badiola eta Izaskun Agirresarobe. Argazkia: Nueva Europa
Euskal Herriko
13 antzerki taldek parte hartuko dute zapatuko Artekalen: Trapu Zaharra, Dikothomia, Malas Compañías, Suhar Prest, Hortzmuga, La Glo, Toni La Sal, Cia. Barre, Trotamundos, Turukutupa, Gran Rufus, Oihulari Klown eta Pez Limbo
. Horiekin batera, Mundakako kultur eta kirol elkarteetako kideek ere parte hartuko dute. Maiteder Badiola Mundakako Udaleko kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, “asko dira herriko elkarteek urtean zehar herritarren gozamenerako antolatzen dituzten ekitaldiak. Oraingoan denak elkartu gura izan ditugu zeozer berezia jai giroan prestatzeko”.
Mundaka aukeratu dute Artekale Eguna egiteko “bere izaera eta garrantziagatik, turismorako duen erakargarritasun handiagatik eta herriko kultura sustatzeko egiten duen lanagatik”. Badiola “pozik” agertu da erabakiagaz: “Artekale elkartearen proposamena jaso genuenetik proposamen oso erakargarria iruditu zitzaigun”.
Aurtengo edizioaren zuzendari artistiko eta Hortzmuga taldearen zuzendari Raul Cancelok azaldu duenez, “Artekale Eguna antolatzerako orduan, gura lana eta erakundeena bat egiten saiatzen gara. Era berean, aukeratutako herriaren indarrak batzen saiatzen gara. Gainera, herritarren inplikazioa bilatzen dugu, ez bakarrik ikusle modura, baizik eta, ikusle aktibo eta parte hartzaile modura”.
Proposamena diseinatzerako orduan, bestalde, elkarteko kide guztien inplikazioagaz egiten dutela adierazi du Cancelok, bai artistekin zein kudeaketa edota produkzio lana egiten duten horiekin. Taldeak Euskal Herriko herri ezberdinetakoak izanik, askotan “zaila” izaten dela dio, “askok konpromiso profesionalak bete behar dituztelako”. Hala ere,
erronka “oso atsegina” eta
“esperientzia errepikaezina” dela nabarmendu du.
Protagonista berezia izango du gainera Mundakako Artekalek, Suhar Prest antzerki taldearen zuzendari
Izaskun Agirresarobe mundakarrak parte hartuko baitu. Topaketagaz “oso pozik” dagoela esan du Agirresarobek: “Bereziki, herriko kultur eta kirol elkarteen inplikazioak pozten nau”. Izan ere, elkarte horietako ume zein nagusiek parte hartuko dutela aurreratu du. Bestalde,
Josu Cabriada mundakarraren laguntza ere goraipatu gura izan du, “berak egin baitu aurtengo
kartela“.
Mundakarako asmatutako antzerki ibiltariak Euskal Herria eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) nahastuko ditu, eta
18:00etan hasiko da Mundakako portuan. Jatorriz Mundakakoa den Idahozabal familia 2016ko urriaren 15ean batuko da Mundakan bertan, Idahon (AEB) 101 urtegaz hildako Julia Idahozabalen hautsak jasotzeko. Julia Idahozabal mundu osoan da ezaguna egiten dituen gaztengatik: Idahozabal gaztak.
John eta Jon, Juliaren semeek, amaren gorpuzkiak ekarriko dituzte itsasontziz. Portuan, herriko elkarteetako kideak izango dituzte zain: dantzariak, abesbatza, atorrak, arraunlariak… Antzerki talde guztien parte hartzeagaz ibilbidea Mundakako plazaraino joango da. Han, balkoi ezberdinetatik Julia Idahozabal agurtzeko erritual ezberdinak egingo dituzte.
Ondoren,
plazan bertan, kalitatezko okelazko
hanburgerrak eta txakolina izango dira dastagai, eta
musika eta dantzaldia ere egongo dira.
Umore kutsuagaz, azntzerki eta zirku ikuskizun ezberdinak izango direla eta, Artekale Egunera hurbiltzeko deia egin du Mundakako Udaleko kultura zinegotziak.