Langabetuak lehenetsi ditu Behargintzak 'Game of Thrones'-en grabazioan lan egiteko
Game of Thrones telesailak Gaztelugatxeko San Juanen egingo duen grabaziorako peoiak behar ditu, eta Bermeoaldeko Behargintza ari da lanpostu horiek kudeatzen, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez.
Bermeoko Udaleko Merkataritza eta Turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak azaldu duenez, “Behargintzak Lanbideko zerrendetara jo du langabetuei lehentasuna emanez. Hala, produktoreak eskatutako baldintzak betetzen dituzten Bermeo eta inguruko herrietako pertsonen curriculumak bidali dizkie Game of Thrones telesaileko produktoreari. Izan ere, jakinarazi dutenez, produktorea da hautaketa prozesuaz eta kontratuak egiteaz arduratuko dena.
Produktoreak Bermeon egingo dituen grabazioetarako lanpostu gehiago bete beharko balu, Behargintzaren bitartez “modu berean” kudeatuko litzatekeela esan du Ormaetxeak.
Irailaren 6an Game of Thrones telesaileko segurtasun enpresak begiraleen eta segurtasun laguntzaileen aukeraketa prozesua egin zuen Bermeoaldeko Behargintzaren bulegoetan.
Hileon egingo dituzte grabazioak Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanen.