Hauteskunde programan hitz emandakoa betez, eta herriko gazteen eskariari erantzunez, Gaztelekua prestatuko du Elantxobeko udalak. Horrela, aisialdi jarduerak garatzeko, eta harreman sozialak zein elkarbizitza sustatzeko aukera izango dute bertan.
“Gazteek euren tokia behar dute, eta hori eskatuz hurreratu dira behin baino gehiagotan guregana. Herriko ludoteka oso gutxi erabiltzen da, urtean hiruzpalau bider bakarrik, beraz, hura atonduko dugu”, azaldu du Jesus Mari Olagibel Elantxobeko alkateak.
Izan ere, ludotekaren antzeko erabilera anitzeko gela bat dute, eta bertan edota Gorgonio Renteria Kultur Etxean egin ditzakete ludotekan egin daitezkeen ekintzak.
Olagibelek zehaztu duenez, gazteek haien aisialdiko aktibitateak “pribatutasunez, askatasunez eta errespetuz” garatu ahal izateko, gune sozial baten eskaerari eta herriko gazteen aisialdia “berraktibatzeko beharrizanari” erantzuteko konpromisoa hartu du udalak.
Erabilera egokia egitearen ardura gazteek edukiko dute, baina, proiektuaren barne udal erabilpen araudia moldatuko dute, aurreikusitako erabilpen berrien arabera. “Erabilpenaren inguruko araudia egingo dugu, bete beharreko gutxieneko baldintzak edota arauak zehaztuz, ordutegiari dagozkionak, esate baterako”, adierazi du Elantxobeko alkateak.
Abenduan hasi eta amaitu
12 urtetik 30 urte bitarteko herriko gazteentzat izango da Gaztelekua. Lanak abenduan hasi eta amaitzea espero dute, eta beraz, datorren urte hasierarako gazteentzat prest egotea gura dute.
Talaia kalean dagoen eraikin honetan egongo da Gaztelekua.
Ludotekaren instalazioak berregituratu eta berrituko dituzte. Estalkia garbitu eta irazgaiztuko dute, eta baita hezetasun arazoak konpondu ere. Halaber, berogailu sistema berria jarri, hormak margotu, eta beharrezko altzairuekin egokituko dute Gaztelekua.
Horrekin batera, dagozkion altzairuekin atondutako erabilpen anitzerako terraza bat ere izango du lokalak, eta terrazarako sarbide berria egingo dute.
12.241,47 euro bideratuko dituzte Gaztelekua atontzera, eta Eusko Jaurlaritzari diru-laguntza eskatu diete. Jaurlaritzarengandik jasoko duten diru kopuru zehatza ez dakite oraindik, baina, gehienez ere, lanen kostuaren %70 jaso dezakete ( %30 Elantxobeko udalak jarriko luke).