Bizkaia Kopa Trail kirol ligaren 6. etapa, domekan, Lekeition
Mendi martxak, mendi lasterketak, mendi bizikleta martxa eta txakur krosa egongo dira aukeran. Bihar arte eman ahal izango da izena, parte hartu ahal izatekoBizkaia Kopa Trail kirol ligako seigarren etapa lehiatuko da domekan, Lekeition. Lekeitio Trail...
Mendi martxak, mendi lasterketak, mendi bizikleta martxa eta txakur krosa egongo dira aukeran. Bihar arte eman ahal izango da izena, parte hartu ahal izateko
Bizkaia Kopa Trail kirol ligako seigarren etapa lehiatuko da domekan, Lekeition. Lekeitio Trail probak hainbat kirol egiteko aukera eskainiko du: hainbat ibilbideko mendi martxak, mendi lasterketak, mendi bizikleta martxa eta txakur krosa.Alde batetik, 20 eta 10 kilometroko mendi martxak egongo dira. Kasu horretan, ez dira lehiaketak izango. Bestetik, 20 kilometroko mendi bizikleta martxa, 10 eta 20 kilometroko trailak eta 10 kilometroko txakur krosa lehiatuko dira. Horietan bai, norgehiagoka izango da nagusi.
Martxa luzeak egiteko ibilbide bat egongo da, eta laburrentzat beste bat. Horrela, Trail eta Martxa luzeko parte hartzaileek 18 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Lekeitio eta inguruetan zehar. Ugaran, Lariz, Gizaburuaga, Okamika eta Kurtziaga auzoa igaroko dituzte ibilian, Lekeitiora ailegatzeko.
9 kilometro eta 700 metro inguruko ibilbide laburra egingo dute trail eta martxa laburretako parte hartzaileek eta txakur krosekoek. Ibilbide luzearen bide beretik joango dira, baina buelta laburragoa egingo dute.
Mendi bizikleta martxan parte hartzen dutenek 21 kilometro eta 400 metro inguruko bidea osatu beharko dute. Aldapan gora ibiliko dira, eta punturik altuenak 267,74 metro edukiko dituela zehaztu dute antolatzaileek.
Ibilbidean hornidura guneak aurkituko dituzte.
Izen ematea
Mendi martxetako parte hartzaileek, luzekoek zein laburrekoek, 09:00etan irtengo dute Lekeitioko Independentzia plazatik. Txakur krosaren irteera 09:30ean izango da; trail luzearena 09:45ean; trail laburrekoak 10:00etan ekingo diote martxari, eta mendi bizikleta martxakoek 10:30ean irtengo dute.
600 bat parte hartzaile egotea aurreikusten dute. Parte hartu ahal izateko, izena sarean eman ahalko da, Bizkaia Kopa Trail-aren webgunean, bihar 23:59ak arte. Dortsalak egonez gero, etaparen egunean bertan ere eman ahal da, 08:00tik aurrera.