Sollube 707 Mendi Taldeko kideak Gernikatik Bilbora arteko 34,370 kilometroak egiteko bi ordu, 49 minutu eta 47 segundo behar izan zituen. Aurkene Ziluaga bigarrena Argiarrorengandik zazpi minutu eta hamabi segundora sartu zen helmugan. Rakel Alzaga hirugarrenak hiru ordu, zortzi minutu eta 43 segundoko denboran burutu zuen proba.
600 parte hartzaile baino gehiagok parte hartu zuten atzo nazioarteko lasterketa ez-lehiakorran. Hala ere, korrikalari guztiek ez zuten lortu proba burutzea. Izandako erantzunagaz antolatzaileak pozik daude, eta lehen edizioa “arrakastatsua” izan dela nabarmendu dute: “Atletismo lasterketa hau proba herrikoien artean erreferenteetako bat izatea lortu gura dugu”.
Roberto Gonzalez izan zen azkarrena. Bi ordu, hamabost minutu eta 24 segundoko denboran heldu zen Bilboko Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinaren parean zegoen helmugara. Harengandik bi minutu eta bederatzi segundora Eneko Zabala sailkatu zen. Joseba Ateka izan zen hirugarrena, bi ordu, 30 minutu eta 16 segundoko markagaz.

Korrikalariak Gernikako irteeran proba hasteko prest. Argazkia: Gernika Bilbao Running.
Lau irteera
Lau irteera izan zituen atzoko lasterketak. Lehenengoa Gernika-Lumon egon zen, eta korrikalariak 10:00etan hasi ziren arineketan. 127 atleta batu ziren Adolfo Urioste kalean zegoen irteeran. Horietatik 94 korrikalarik amaitu zuten proba.
Zornotzan egon zen hurrengo irteera, eta handik abiatu zirenek 22,270 kilometroko ibilbidea egin zuten. Galdakaon zegoen irteeran elkartu zen jende gehien. Horiek 11,470 kilometroko lasterketa burutu zuten. Basauriko irteeran batu zen korrikalari gutxien, eta horiek handik Bilbora 8,1 kilometro egin zituzten arineketan.