Oka ibaiaren inguruneko paisaia berreskuratzeko plana jarri dute martxan
Gernika-Lumoko udalak Oka ibaiaren ingurunea berreskuratzeko ekintza plana abiatu du, Arabieta eta Errenteria aldeko guneetan arreta berezia jarriz. 29 proposamen biltzen dituen agiria herritarren eskura egongo da hamabost egunez, BAOn argitaratzen den egunetik aurrera.
Planaren helburu nagusia, gune honetako ikur diren baliabide paisajistikoak mantentzea, ingurunearen kalitatea hobetzea eta lurraren erabilera sozial eta ekonomikoa sustatzea dira.
Udalak planteatzen dituen ekintzen artean, honako hauek nabarmendu nahi izan ditu: urbazterreko basoa berreskuratzea, landaredi inbaditzailea ezabatu eta kontrolatzea, uharkara botatzen diren zaborrak kontrolatzea eta hondakinek isurketak kontrolatzea. Urtegia ere garbitzea aurreikusi dute.
Ibarretik doan Ajangizetik Gernikarako bide zaharra berreskuratu ere egingo dute, eta interesgarriak diren baliabideei buruzko panel informatiboak ere jarriko dituzte. Zeharbideko pasealekutik beste ibilaldi batzuetarako loturak ere egokituko dituzte.
Jose Maria Gorroño alkateak azken osoko bilkuran adierazi zuen bezala, Arabietako zubitik Errenteria auzora doan bidea egokituko dute. Errenteriatik Kortezubira doan erreka ondoko bidea ere egokitu du udalak, lan bien artean 18.600 euroko inbertsioa eginez.
Ikerlana kontsultatzeko eta ekarpenak egiteko, Gernika-Lumoko udalaren web orrian (www.gernika-lumo.net) egongo da erabilgarri.