1936. urteko urriaren 7an sortu zen
lehen euskal gobernua gogora ekartzeko ekitaldia egin dute gaur Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Iñigo Urkullu lehendakaria, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria, Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño han dira, Jaurlaritzako sailburuak lagunduta.
Gaur 80 urte izendatu zuten Jose Antonio Agirre lehendakari izan zuen lehen euskal gobernua. Sorreraren
75. urteurrenean ere ekitaldi berezia agin zuten Gernika-Lumon, Patxi Lopez (PSE) lehendakari zela. Halaber, Gernikan izan dira gaur lehenengo Eusko Jaurlaritzako eta erbesteko Eusko Jaurlaritzako kideen senitartekoak; lehen eta bigarren Eusko Kontseilu Nagusiko kideak; lehendakari ohiak; exekutiboetako kide ohiak; Eusko Legebiltzarraren ordezkariak; egungo diputatu nagusiak eta Batzar Nagusien arduradunak; eta hiru hiriburuetako, Gernika-Lumoko, Getxoko (Agirre lehendakaria bertako alkate izan zen) eta Turtziozeko (erbestera joan aurretik Jaurlaritzak bertan egin zuen azken bilera) alkateak. Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira bertan.
Lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 80. urteurreneko ospakizunekin amaitu dira
Retrato de lo que somos, Gure izaeraren ispilu goiburuarekin urtean zehar efemeride hau ospatzeko antolatu diren ekimenak. Gaur, Gernikako Batzar Etxean bilduta, Gernikako arbolaren aurrean makila eskuan hartuta argazkia atera dute Urkullu lehendakariak eta bere karguan aurretik egon diren lehendakari ohiek. Gaudeamus abesbatzak Mikel Laboaren “Gernika” bertsioa abestu du, kroniken arabera, Agirre lehendakariak bere kargua hartzean entzuten ziren tiroak eta frontearen hurbiltasuna oroitzen dituena.
Ekitaldia Agirre lehendakariaren eta bere emazte Mari Zabalaren papera egin duten bi aktorek bideratu dute, eta Kukai dantza-taldearen eta Donostiako Orfeoiaren emanaldiek zein Kirmen Uribe idazlearen eta Xabi San Sebastian musikariaren saioak ere bete dute gaur goizeko egitaraua. Iñigo Urkulluren hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari, eta bertan lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eta Agirre lehendakariaren lana azpimarratu du. Urkulluren esanetan, lehenengo Exekutiboa eratzea “funtsezko unea izan zen historian”, eta gogoratu du une hura izan zela hasiera eta “euskal herriaren sugarra” erbestean bizirik mantendu zuena. Bestalde, azpimarratu ditu haren konpromiso soziala, jarrera berritzailea, nazioarteko ikuspegia eta Europa berri bat eraikitzen parte hartzeko borondatea. Lehendakariak gobernu haren aniztasuna eta akordioaren, elkar ulertzearen eta elkarlanaren aldeko apustua ere nabarmendu ditu.