Aratz Mugertzak 2. mailako kanporaketa jokatu du
Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko du bihar, Azkoitian (Gipuzkoa). Norgehiagoka Gurea pilotalekuan jokatuko da, 18:00etatik ...
Kanporaketan hamabi aizkolarik parte hartuko dute. Honakoak izango dira Mugertzaren aurka ariko direnak: Arkaitz Jauregi, Xabier Zaldua, Aitor Senosiain, Jesus Mari Mujika, Eneko Otaño, Oihan Larretxea, Luis Mari Txapartegi, Julen Alberdi, Julen Kañamares, Ander Erasun eta Mieltxo Mindegia.
2. mailan aritzen diren Unai Otañok eta Xabier Orbegozok, bere aldetik, ez dute kanporaketan parte hartuko. Federazioak jakitera eman duenez, Otaño erretiratu egin da, eta Orbegozo min hartuta dago.
Finala ere Azkoitian
Aizkolariek kanporaketan egin beharko dituzten lanei dagokienez, bost enbor moztu beharko dituzte, abiadura proban. Hain zuzen ere, 54 ontzako hiru enbor eta 60 ontzako eta 72 ontzako enbor bana.
Lehen sei postuetan sailkatzen diren aizkolariek finalerako txartela lortuko dute, zuzenean. Finala urriaren 29an jokatuko da, Azkoitian bertan.