Martxan dago berriro barikuro eskaintzen den Bermesex zerbitzua
Edozein gazte, senitarteko eta profesionalek erabili ahal dute publikoa, doakoa eta konfidentziala den zerbitzua. Gaztelekua eta Ludoteka ere martxan daudeUdako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa et...
Edozein gazte, senitarteko eta profesionalek erabili ahal dute publikoa, doakoa eta konfidentziala den zerbitzua. Gaztelekua eta Ludoteka ere martxan daude
Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa ematen duen Bermesex zerbitzua martxan dago berriro. Bermesex zerbitzua publikoa da, doakoa eta konfidentziala.Barikuetan eskainiko da zerbitzua, 16:00etatik 17:30era, Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Azaldu dutenez, «edozein gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko zerbitzua eskaintzen da». Era berean, profesionalekin koordinatzeko aukera ezberdinak adosteko aukera ere egongo dela diote.
Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziak azaldu modura, Bermesex zerbitzuaren bidez, herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie, modu partikularrean ezagutu, onartu eta ezagutu daitezen. Orientazioa bideratzeko, hiru eredu izaten dituzte kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua.
Kontsulta ereduari dagokionez, barikuro, gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko arreta zuzena eskainiko da.
Orientazio ereduaren bidez, hainbat profesional eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak bilatzeko bideak hausnartuko dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu eta ekintza egokienak aztertuz.
Azkenik, programa ereduaren bidez, proposamenak eraikitzeko aukera emango dute. Besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazino kanpainak egin daitezke.
Zerbitzuaren telefono zenbakia honakoa da: 644 89 86 61. Posta elektronikoa ere badaukate edozein galdera egiteko: bermesex@bermeo.eus.
Bariku eta zapatuetan
Era berean, Gaztelekua eta Ludoteka ere zapatuan hasi ziren martxan.
Bariku eta zapatuetan zabaltzen dute 6 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoen Ludoteka; 17:30etik 20:30era joan ahal dute. 12 eta 18 urte bitarteko gazteak batzen ditu, berriz, Gaztelekuak; bariku eta zapatuetan zabaltzen dute, 18:00etatik 21:00etara.