Gernika Bizkaiak nagusitasunez irabazi du etxeko lehen partida
66-47ko markagailuagaz nagusitu zaio Lacturale Araski talde gasteiztarrari. Talde gernikarrak oso maila ona erakutsi du, batez ere lehenengo hiru laurdenetanLointek Gernika Bizkaiak nagusitasunez irabazi zion domeka arratsaldean Lacturale Araski talde ...
66-47ko markagailuagaz nagusitu zaio Lacturale Araski talde gasteiztarrari. Talde gernikarrak oso maila ona erakutsi du, batez ere lehenengo hiru laurdenetan
Lointek Gernika Bizkaiak nagusitasunez irabazi zion domeka arratsaldean Lacturale Araski talde gasteiztarrari, Malosten. 66-47 nagusitu zen denboraldiko etxeko lehen partidan.Lehen jardunaldiko porrotaren ostean, defentsa lana hobetzeko eta azken orduko hutsegiteak saihesteko helburuagaz kantxaratu ziren etxeko jokalariak. Talde gasteiztarrak ez zuen amore eman, baina ezin izan zuten etxekoen nagusitasuna apurtu. Talde gernikarrak oso maila ona erakutsi zuen, batez ere lehen hiru laurdenetan.
Hasierako minutuak nahikoa berdinduak izan ziren. Araskiko Arrate Agirrek zenbait hiruko sartu zituen lehen laurdenean, eta etxeko taldearen defentsak sufritu egin zuen aurkariaren jokaldiak eragozteko. Aldea txikia izan arren, talde gernikarrak markagailuan aurretik amaitu zuen lehen laurdena (17-14).
Bigarren laurdenean egoera aldatu egin zen. Lointek Gernika Bizkaiaren defentsak lan bikaina burutu zuen, gasteiztarrak estutuz. Erasoan ere fin aritu ziren etxeko jokalariak. Besteak beste, Maria Asurmendiren azken paseei eta Naiara Diez kapitainaren hirukoei esker nabarmen handitu zen bi taldeen arteko aldea. Ondorioz, 43-19ko emaitzagaz joan ziren atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean ere etxeko taldearen nagusitasuna agerian geratu zen. Bi taldeen arteko aldea gero eta nabarmenagoa zen, eta Lointek Gernika Bizkaiak 30 puntuko errenta lortu zuen zenbait minututan. Etxeko jokalariek erasoko jokaldietan asmatu eta defentsan sendo jokatu zuten.
Azken laurdenean defentsan erakutsitako intentsitatea jaitsi zuten etxekoek, eta Araskiko jokalariek aldea murrizteko aprobetxatu zuten.
Gernika-Lumoko taldeak Spar Gran Canaria taldearen kontra lehiatuko du ligako 3. jardunaldia. Zapatuan 19:00etan hasiko da bi taldeen arteko lehia, Paterna kiroldegian.